Gizartea -

KORONABIRUSA

Olentzeroren eta Errege Magoen desfileak, airean

Osasun sailburuak eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateek covid-19aren bilakaera aztertzen jarraituko dute, desfileen inguruan erabaki bat hartu ahal izateko. Tolosan eta Eibarren harrerak antolatuko dituzte, desfileen ordez, jende-pilaketak saihesteko.

Mari Domingi eta Olentzero artxiboko irudi batean. Argazkia: Bilboko Udala
Mari Domingi eta Olentzero artxiboko irudi batean. Argazkia: Bilboko Udala
Mari Domingi eta Olentzero artxiboko irudi batean. Argazkia: Bilboko Udala

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateak Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin eta Gorka Urtaran Eudeleko presidentearekin bildu dira gaur arratsaldean bideokonferentzia bidez egoera epidemiologikoa aztertu eta 2021eko Gabonei begira hartu beharreko erabakiak hartzeko.

Pandemiaren bilakaera ikusita, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta hiru hiriburuetako udalek Olentzeroren eta Errege Magoen desfileak ospatzea ala ez aztertzen jarraituko dute datozen egunetan.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Juan Maria Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateek, hurrenen hurren, bilera egin dute ostegun honetan egoera aztertzeko, Euskadik 100.000 biztanleko 1.000 kasuko intzidentzia metatuaren langa gainditu ondoren.

Azken balantze epidemiologikoaren arabera, Donostiak 1.160,6 kasuko intzidentzia du, Gasteizek 1.055,2 positibokoa eta Bilbok 635,8 kasukoa 100.000 biztanleko.

Egoeraren aurrean, sailburuak eta alkateek covid-19aren bilakaera aztertzen jarraitzea erabaki dute, desfileen inguruan erabaki bat hartu ahal izateko, udaletako iturriek jakitera eman dutenez.

Ostegun honetan Onda Vascan egindako elkarrizketa batean Sagarduik azaldu duenez, erabakia hartzea Udaleko arduradunei dagokie, baina "unean uneko egoerak ahalik eta jarrera zuhurrena izatea eskatzen du".

Testuinguru horretan, Gabonei begira, ditugun neurriak betetzea eta "zuhurtziarik handienarekin" ospatzea gomendatu du, "talde handitan bildu gabe, musukoa jateko edo edateko bakarrik kenduz eta ondo aireztatuz".

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere ETB1eko Egun On Euskadi saioan izan da goizean, eta bere adierazi duenez, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak Bilbora etorriko dira, baina ez daki zein modutan.

"Osasun sailburuaren iritzia eta gomendioak entzungo ditugu, eta horren arabera hartuko dugu erabakia", esan du, eta Olentzero eta Maridomingi hiriko kaleetatik paseatzen ikustea guztion nahia dela gogorarazi du, "baina ez dakit aurten posible izango den" gaineratu du.

Egoeraren aurrean kezkatuta daudela onartu du Bizkaiko hiriburuko alkateak: "Ez dugu ikusten noiz iritsiko garen gailurrera. Datozen egunetan igotzen jarraituko dugu eta animikoki oso nekagarria da ", aitortu du.

Donostiako Udalak, berriz, Olentzeroren eta Errege Magoen desfileak mantentzea aurreikusten du, "egokitzapenekin". Eneko Goia alkateak aste honetan bertan aurreratu duenez, "ziurrenik" ezin izango dira harrera tradizionalak egin, bai ordea aire zabaleko desfileak, baina egokituta.

Desfileen ordez, harrerak egingo dituzte Eibarren eta Tolosan

Bestalde, Eibarko Udalak haurrei zuzendutako Gabonetako egitaraua egokitzea erabaki du. Olentzeroren "kalejira" eta Errege Magoen desfilea bertan behera utzi dituzte, jende-pilaketak saiheste aldera.

Horren ordez, abenduaren 24an, 11:00etatik 14:00etara, ongietorria egingo zaio Olentzerori udaletxeko patioan, eta, urtarrilaren 5ean, 17:00etatik 20:00etara, beste ongietorri bat egingo zaie Errege Magoei leku berean.

Familiek, aurretik, hitzordua eskatu beharko dute bi ekitaldietarako, datorren astelehenean, hilak 20, 17:00etatik 19:00etara, Portaleko Kultura bulegoan; txandak, gehienez, 6 pertsonakoak izango dira. Olentzeroren postontzia ere egongo da bai udaletxean bai Portalean abenduaren 13tik 23ra, eta Erregeena urtarrilaren 4ra arte.

Halaber, Astelena frontoian egin ohi den Gabonetako haur-parkea ere bertan behera utzi dute, eta Ipuruako kiroldegian egiten den dantza-ikuskizuna ere ez da egingo.

Alternatiba moduan, abenduaren 27tik aurrera, '2021eko Negulekuak' egitea erabaki dute. Haurrentzako jarduera ludikoak, jolasak eta tailerrak izango dira eremu horretan, adin-tarteen arabera, Eibarko 3 toki desberdinetan, eta gehienez hamar laguneko taldetan.

Tolosako Udalak ere Gabonetako ohiko ekitaldiak modu berezian egitea erabaki du, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen etorrera antolatzen duten eragileekin batera.

Hala, Olentzero, Mari Domingi zein Errege Magoak Gure Zirkuan elkartuko dira haurrekin. Arriskuak gutxitzea eta haurrei zein familiei eremu seguru bat eskaintzea izan da erabaki honen helburua, beti ere haurrei gabonekin lotutako pertsonaia berezi hauekin egoteko aukera eskainiz. Izan ere, etxeko txikienentzat garrantzitsuena pertsonaia horiek agurtu, ikusi eta haiengana hurbiltzeko aukera izatea baita.

Dagoeneko, Olentzero eta Mari Domingi zein Errege Magoak ikusteko gonbidapenak jarri dira herritarren eskura, hala, jende pilaketak ekidin ahal izateko.

Abenduaren 24an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da Olentzero eta Mari Domingi Gure Zirkuan bisitatzeko aukera, eta, urtarrilaren 5ean ordutegi berean agurtu ahal izango dira Errege Magoak Gure Zirkuan. Gonbidapenak Bibe plataforman eskura daitezke.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Zer gertatzen ari da Bilbon? Donostia albisteak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Anbulatorioak