Gizartea -
Elkarrizketa
Tapia: "Ez dugu Ingurumen Administrazioaren Legea Arabako parke eolikoetan aplikatuko"
Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak azpimarratu duenez, "parke eolikoak berme guztiekin izapidetzen dira, eta ez dira interes goreneko proiektu gisa definitzeko modukoak".
EITB MEDIA
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak ukatu egin du Ingurumen Administrazioaren Legea Arabako parke eolikoak eraikitzeko baliatuko dela.
EAJren eta PSE-EEren gehiengo osoa baliatuta onartutako lege horrek eskumena eman zion Jaurlaritzari proiektu batzuk interes publiko goreneko izendatzeko, udaleko planetan bestela jasota badago ere. Hala, zabortegi edota errauskailuak altxatu ahalko dira, gobernuak egoki ikusten badu.
Parke eolikoak interes goreneko proiektu izan daitezkeen galdetuta, Tapiak adierazi du ezetz. "Parke eolikoak berme guztiekin izapidetzen dira, eta ez dira interes goreneko proiektu gisa definitzeko modukoak", argudiatu du Radio Vitorian egin dioten elkarrizketa batean.
Sailburuaren aburuz, "proiektu pribatu batek ez luke lekurik izango lege horren baitan. Oso azpiegitura gutxiri eragingo die. Gobernu bileran interes goreneko proiektu izendatu beharko genituzke, eta ingurumen baldintza guztiak beteta beharko lituzke. Hondakinak beste modu batera kudeatu behar baditugu, beste modu batera jardun behar dugu".
Arabako Mahastien inguruko auzia ere hizpide hartu du Tapiak. Azaldu duenez, "guk upategi pribatu batzuen eskaera jaso dugu izendapen berri bat sortzeko. Izendapen hori justifikatzen dihardugu. Ministerioan ari dira orain aztertzen, eta espedienteari argi berdea ematen badio, Europan izapidetzen jarraitu beharko da. Espediente arautua da, eta beraz, geldiarazten duen administrazioa prebarikazioan arituko da".