Itxi

Politika

Ingurumena

EH Bilduk "atzeko atetik" aritzea egotzi dio Jaurlaritzari Ingurumen Administrazioaren Legearen harira

Agentziak | EITB MEDIA

Koalizio subiranistak salatu duenez, EAJk eta PSE-EEk zuzenketa aurkeztu diotela legeari, Jaurlaritzak "interes gorenaren izenean, Gobernuko alderdiek gehiengo absoluturik ez duten lekuetan azpiegiturak inposatzeko".

  • Oleaga, Otxandiano atzean duela, prentsaurrekoan.

    Oleaga, Otxandiano atzean duela, prentsaurrekoan. Argazkia: EH Bildu

EH Bilduk salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak zuzenketa aurkeztu dio Ingurumen Administrazioaren Legeari eta modu honetan "gauzak atzeko atetik" egiten ari da, "gure lurralde ordenamendu politiketan erakunde-sistemaren joko-arauak aldatzea" dakarrelako. Koalizioaren arabera, zuzenketa horrekin "leku jakin batzuetan zenbait proiektu inposatzeko atea" zabalduko da.

Onintze Oleaga EH Bilduren Udalgintza arduradunak eta Peio Otxandiano programa zuzendariak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Donostian, EAJk eta PSE-EEk egindako "maniobra" kritikatzeko. Izan ere, euren ustez, "Lurraldearen Antolamenduari buruzko Legea aldatzeko saiakera" egin dute bi alderdiek Ingurumen Administrazioaren Legeari zuzenketa bat eginez.

Oleagak azaldu duenez, zuzenketa aurrera ateraz gero, Jaurlaritzak, "interes gorenaren izenean" azpiegitura zehatzak "inposatu ahalko ditu" zenbait udalerritan.  Udalgintzako arduradunak esan du moldaketa horrek "euskal gizartearen aniztasun politikoaren aurka" ere egiten dutela, "Gobernuko alderdiek gehiengo absoluturik ez duten lekuetan azpiegiturak inposatzea" delako aldaketaren helburua.

EH Bilduren ustez, "lege baten tramitazioa baliatu nahi dute gure sistema instituzional konplexuaren eskumen-banaketa arautzen duen beste lege bat aldatzeko, eta, gainera, toki-erakundeei galdetu ere egin gabe, horiek baitira erakunde kaltetuenak".

"Goi-mailako Interes Publikoko Proiektuen figura sortu nahi dute. Proiektu horiek, behin interes goreneko aitortuta, hirigintzako eta lurralde-antolamenduko gainerako erregulazioen gainetik jarriko dira. Hau da, Eusko Jaurlaritzak aldebakarreko moduan egingo duen deklarazio batek, erakunde eskudunek eta legitimoek hartutako erabakiak baliogabetzea edo de facto deuseztatzea ekarriko du".

Oleagak nabarmendu duenez, hirigintza-eskumena udalek betetzen duten "eginkizun garrantzitsuenetako bat" da, eta salatu du "Lurralde Antolakuntzari buruzko Legea aldatzeko asmoak, zalantzarik gabe,tokiko demokrazia murriztea" dakarrela, "udalerrian herritarren parte-hartzearen bidez erabakitakoa baliogabetuko" duelako.

EH Bilduren arabera, "klima-neutraltasunerako trantsizioa prozesu konplexu bat da, gure lurraldean eragin nabarmena izango du eta erabaki handiak hartzera behartuko gaitu; eta hau ezin da egin, modu bertikalean, agintekeriarekin, herritarren iritzia alde batera utzita. Bide okerra da. Gobernantza kolaboratiboaren ezinbestekoa da. Erronka klimatikoa erronka demokratikoa ere bada, eta lankidetzan gauzatu behar dena, logika autoritarioetatik urrun".

Hori horrela, zuzenketa hori erretiratzeko galdegin diote Jaurlaritzari, et ohartarazi "gizarte-gatazkak" sortuko direla, baita "klima-ekintzen ezarpena oztopatu eta atzeratuko duten egoerak" ere.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena