Gizartea -
Osasun publikoa
Protestak egingo dituzte gaur sindikatuek osasun zentroetan Lehen Arretaren egoera "jasanezina" salatzeko
Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGTk deituta, elkarretaratzeak egingo dituzte gaur osasun zentro guztietan 13:00etan. Pandemiak lehendik zeuden "egiturazko arazoak are gehiago tenkatu" dituela diote eta "premiazko" jo dute aurrekontuak handitu eta plantillak indartzea.
O.P. | EITB Media
Protesta bilkurak egingo dituzte gaur Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, Osakidetzako Lehen Arretaren egoera "jasanezina" dela salatzeko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun-zentro guztietan elkartuko dira, 13:00etan. Dei egin diete ildo berean lan egiten duten plataforma eta mugimenduei mobilizazioa babestera "aurrerantzean elkarrekin lan egin dezagun egoera hau iraultzeko".
Ohar bateratuan azaldu dutenez, "egoera jasanezina da, bai langileentzat, bai herritarrentzat" eta diotenez, pandemiak "are gehiago tenkatu du lehen ere hilzorian zegoena". Izan ere, salatu dutenez, arazoak ez dira berriak, "egiturazkoak dira, eta egungo osasun-krisia baino askoz sakonagoak eta zaharragoak". Dena den, azpimarratzen dute euren ustez, pandemia aitzakia bihurtu dela "kolektiboaren lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzia-kalitatea are gehiago prekarizatzeko, Osakidetzan murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko".
Gogoratu dute, pandemiaren aurretik, langileek hiru greba egun egin zituztela 2019an, "inbertsio faltagatik, irisgarritasun-murrizketengatik, zerbitzuen eskaintzarik ezagatik eta profesionalen eskasiagatik" eta ez zutela ontzat jo Osakidetzak orduan mahai gainean jarritako estrategia dokumentua, ez zuelako arazo nagusian sakontzen "azken hamarkadetako inbertsio eza", alegia.
Azaldu dute langileak seigarren olatu bati aurre egiten ari direla "baliabiderik, antolaketarik eta plangintzarik gabe" eta gehitu behar zaiola "nekea" ere. Sindikatuen ustez, asko dira arazoak, besteak beste "plantillaren % 60 inguruko behin-behinekotasun-tasa", "urrian indartze-kontratuak amaitu" izana eta "arakatzaileen kopurua erdira jaitsi" izana; gaineratu dutenez, "bajak, oporrak eta bestelako absentziak ez dira ordezkatzen", profesionalen agendak "gainezka" daude eta leporaino daude herritarrenganako arreta bideak ere (telefonoa nahiz mostradoreak), "Osasun Sailaren informazio eta koordinazio faltaren" ondorioz.
Arrazoi horiengatik, "premiazko" jotzen dute lehen mailako arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat ezartzea, hamarkada beteko desegiteari buelta emateko. Beharrezko jo dute, besteak beste, "aurrekontua handitzea EBren parera iritsi arte (BPGaren %7); plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoak ematea kategoria guztietan, lanpostu berriak sortuz (1.000 plaza gehiago behar dira); aldi baterako milaka langileak finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea; lan-kargak arrazionalizatzea eta absentzia guztiak lehen egunetik ordezkatzea".