Gizartea -

krisi klimatikoa

Kongresuak onartutako Hondakinen Legea ulertzeko bost gako

Besteak beste, edukiontzi horiaren aurreko alternatibak, erabilera bakarreko plastikoak, zerga berriak, konpontzeko eskubidea eta amiantoaren errolda jasotzen ditu lege proiektuak.

Plastikozko hondakinak. Argazkia: Pixabay
Plastikozko hondakinak. Argazkia: Pixabay
Plastikozko hondakinak. Argazkia: Pixabay

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak onartu egin du ekonomia zirkularrerako Hondakinen eta Kutsatutako Zoruen Lege Proiektua. Behin araua ganbera bietan onartuta, aldaketa esanguratsuak ekarriko ditu uneko hondakinen kudeaketa ereduan.

Legea Europako direktibei gailentzen zaie, bio-hondakinen eta ehun-hondakinen bilketa hautakorrerako egutegiak zehazten ditu eta hondakin urbanoen murrizketarako helmuga berriak ezartzen ditu: 2030erako, horien eraketa % 15ean murriztu behar izango da, 2010eko datuen aldean. Gainera, indarrean sartu orduko debekatuko du erabilera bakarreko plastikozko produktuen merkaturatzea.

Hona hemen lege proiektuaren gakoetako batzuk:

1) Edukiontzi horiari alternatiba

Legeak atea irekiko dio plastikozko ontzien bilketa eredu berri bati. Hustutako ontziak saltokietara itzultzeko ohituran oinarrituko da eredu hori, produktua erostean gordailu gisa utzitako zentimo batzuen trukean. Sistema hori martxan da Danimarka edo Alemania bezalako herrialdeetan, eta estatu-mailan ezarri liteke 2023tik aurrera, legeak proposatzen dituen helburuak ez betetzekotan.

2) Erabilera bakarreko plastikoak

Plastikoen murrizketarako helburuak lortzeko, betebehar berriak ezarriko zauzkie ostalaritzako establezimenduei. Ontziratu gabeko ura kontsumitzeko aukera eskaini beharko diete bezeroei eta bestelako erabiltzaileei.

Bestalde, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, 400 metrotik gorako saltoki txikizkariak behartuta egongo dira, gutxienez, euren salmenta-guneko % 20 "lehen mailako bilgarririk gabeko" produktuen eskaintzari bideratzera, izan soltean zein ontzi berrerabilgarriekin. Hondartzetan plastikozko puxikak askatzea eta espazio horietan erretzen dutenak zigortzea ere proposatzen du testuak, tokian tokiko administrazioek hala arautzea erabakiz gero.

3) Zerga berriak

Lege berriak bi zerga berri jasotzen ditu: isurketa eta errausketari buruzkoa, bata (1,5 eta 40 euroen artean egon daiteke tona metrikoko), eta plastikozko ontzi ez-berrerabilgarriei buruzkoa, bestea. Azken hori ekoizleen gain egongo litzateke, eta produktu horiek 0,45 eurora zergapetuko lirateke, plastiko kilogramoko.

4) "Konpontzeko eskubidea"

Hondakinen Lege Proiektuak lehen aldiz arautuko du "konpontzeko eskubidea", merkatariak eta merkataritza elektronikoko plataformak behartuz eskainitako produktuak konpontzeari buruzko informazioa ematera. Era berean, produktuen ezaugarrien inguruko informazioa eskaini beharko dute, "zaharkitze goiztiarra ebaluatu" ahal izateko.

5) Amiantoa

Legea indarrean sartzen denetik urtebeteko epera, udalek azpiegitura publikoetan dagoen amiantoaren errolda bat aurkeztu beharko dute. Gainera, horren erretiratzerako egutegi bat prestatu beharko dute, asko jota 2028rako egon beharko dena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Klima-aldaketa 2024 Espainiako Gobernua argazkiak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa 2024 Birziklatzearen albisteak