Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Omikron aldaerak % 11 igo ditu covid kasuak munduan, baina heriotzak jaitsi egin dira

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Abenduaren 20tik 26ra 4,9 milioi kasu atzeman ziren planetan, azken zazpi hilabeteetako kopururik altuena, hildakoak 44.000 izan ziren bitartean.

  • Paris

    Paris. Irudia: EFE

Covid-19 kasuek % 11 egin zuten gora joan den astean, herrialde askotan omikron aldaerak izan duen gorakadaren ondorioz, nahiz eta orokorrean hildakoak % 4 jaitsi ziren.

Munduko Osasun Erakundearen (MOE) asteko txosten epidemiologikoaren arabera, abenduaren 20tik 26ra 4,9 milioi kasu atzeman ziren planetan, ia zazpi hilabetetan izandako kopururik altuena; hildakoak, berriz, 44.000 izan ziren, azken hiru hilabeteetako aste bakoitzean erregistratutako kopuru oso antzekoa.

Amerika izan zen aurreko astean kasu gehien izan zituen eskualdea, % 39 (1,4 milioi), eta Europa izan zen buru zifra absolutuetan, 2,8 milioi kutsatu atzeman baitzituen, aurreko zazpi egunetan baino % 3 gehiago.

Afrikan kutsatzeak bikoiztu egin ziren aurreko asteetan. Kasu honetan igoera moderatuagoa egon zen, % 7koa (274.000), Ekialdeko Asian kasuak egonkor mantendu ziren bitartean (238.000). Ekialde Ertainean % 3 jaitsi ziren (76.000) eta Asia hegoaldean % 12 (76.000).

Heriotzen kopuruak oro har behera egin arren, % 72ko gorakada kezkagarria izan zen Afrikan (952), nahiz eta zifra absolutuetan kopuru hori askoz txikiagoa izan Europan (23.900, aurreko astean baino % 12 gutxiago) eta Amerikan (12.700, % 7 gehiago) baino.

Txertaketa-kanpaina globalari dagokionez, 9.000 milioi txerto baino gehiago jarri dira dagoeneko, eta munduko biztanleen % 57k dosi bat jaso dute gutxienez, nahiz eta portzentaje hori % 8ra jaisten den diru-sarrera txikiko herrialdeetan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena