Gizartea -

eguraldia

Euria arazoak eragiten ari da Euskal Herriko zenbait puntutan

Abisu horia asteleheneko 12:00ak arte egongo da indarrean EAEn. Bestalde, Nafarroan Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren larrialdi aurreko maila aktibatu dute. Gainera, Iparralden aktibo dago alerta gorria, uholdeengatik.

Ametzolako tren geltokia. Argazkia: EITB Media
Ametzolako tren geltokia. Argazkia: EITB Media
60 litrotik gora pilatu dira metro karratuko Euskal Herriko zenbait puntutan

1:51

i. l. k. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburu amaierarako eta datorren aste hasierarako aurreikusita zeuden prezipitazio iraunkorren ondorioak ikus daitezke jada. Ur-pilaketa handiak izan dira Araban eta Bizkaian: 60 litrotik gora pilatu dira metro karratuko, eta Bilbon urak hartu du trenbidearen tunel bat. Ondorioz, zenbait abisu eta alerta daude ezarrita Euskal Herri osoan zehar. Gainera, Nafarroan Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren larrialdi aurreko maila aktibatu dute.

Larunbatetik iganderako gauean frontea iritsi denetik, 64 litro pilatu dira metro karratuko Zornotzan, 63 Eskas eta Iurretan, 62 Aixolan eta 61 Elorrion.

Bestalde, Gardeako (Laudio) estazio hidrometeorologikoak 46 litro pilatu ditu metro karratuko igandeko lehen orduetan, 45,8 Sodupe-Cadaguakoak, 43,4 Galdakaokoak, 39,1 Urkiolakoak eta 36 Otxandiokoak.

Gainera, Cadagua ibaiak gainezka egin du Gueñes parean, eta Quadra auzorako sarbide nagusiak itxi behar izan dituzte.

Hala, N-636 errepidea itxi dute bi noranzkoetan Bergara parean, luizi baten ondorioz. N-634 errepidea ere itxi dute Zarautz eta Getaria artean, beste luizi baten ondorioz, eta Meagatik bideratzen ari dira ibilgailuak.

Arrangizgana (BI-633 errepidea) ere itxi dute, 39. kilometroan, Mallabian izandako luizi baten ondorioz.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, bukatutzat eman dute kostaldeko arriskuagatik ezarritako abisu horia, baina aktibo dago oraindik nabigaziorako.

Horretaz gain, abisu horia asteleheneko 12:00ak arte egongo da, prezipitazio iraunkorrak direla eta. Isurialde atlantikoko zenbait puntutan, 24 orduan metro karratuko 60 litrotik gora pilatzea espero da, Gipuzkoako ekialdean bereziki. Prezipitazioak moderatuak izango dira, baina ugariak eta iraunkorrak.

Asteleheneko 15:00ak arte, berriz, indarrean egongo da abisu horia, nabigaziorako kostaldeko arriskuagatik. Olatuen altuera adierazgarria 4-5 metro ingurukoa izango da goizaldean zehar, eta 3,5 metroen bueltan geldituko da arratsalde aldera.

Iparraldean ere, uholdeak izateko arriskua dela eta, aktibo egongo da alarma gorria, igandeko 18:00etatik asteleheneko 06:00ak arte. Alerta laranja dago Errobi ibaian, eta horia ezarri dute Urdazubin.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren larrialdi aurreko maila ezarri du Foru Erkidegoan, igande honetan izan diren eta hurrengo orduetan zehar izango diren prezipitazio ugariei erantzuteko.

Euriak Renferen trafikoa eten du Bilbon

Bilbon, azken orduetan izan diren euri-zaparrada iraunkorren ondorioz, urak Ametzolako tunela hartu du, Concordia eta Basurtu tren geltokiak lotzen dituena. Trafikoa eten behar izan dute puntu horretan, trenbide konpainiatik jakitera eman dutenez.

Ondorioz, Bilbo-Balmaseda ibilibidea egiten duten 4. lineako aldirietako trenak Basurtutik aterako dira, eta bertara iritsiko dira, arazoak konpondu bitartean.

Ametzola zein Concordia jatorri edo helmuga dituzten bidaiariak, berriz, Abandoko eta San Mameseko geltokietatik sartu ahalko dira, eta Renferen txartel berarekin egin ahalko dute bidea.

Une oro kontsulta dezakezu eguraldiaren inguruko informazio gaurkotua eitb.eus-en, eta zure argazkiak bidal ditzakezu bertara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal herriak Galdakao berriak Nafarroako albisteak Iparraldea albisteak Alerta meteorologikoak argazkiak EAE Denboraleak albisteak Laudio Eguraldia argazkiak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea