Gizartea -

KORONABIRUSA

50 pertsona hil dira covid-19ak jota aurreko astean

Osakidetzako ZIUetan 142 gaixo dituzte jada, eta 796 pertsona daude ospitaleetako gela arruntetan. Erietxeratutakoen kopurua pandemia osoko altuena da. Albiste positibo bakarra R0ak eman du, 1etik gertu baitago.

7.620 positibo berri eta 6.691 kasuko intzidentzia, EAEn
7.620 positibo berri eta 6.691 kasuko intzidentzia, EAEn
7.620 positibo berri eta 6.691 kasuko intzidentzia, EAEn

L. Z. - E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren eraginez, 50 heriotza izan dira aurreko astean Euskadin (urtarrilaren 3tik 9ra doan horretan), aurrekoan baino 15 gehiago. Gainera, kutsatzeen goraldi etengabeak ospitaleetan isla izaten jarraitzen du, eta baita modu kezkagarrian egin ere. Izan ere, gaur-gaurkoz 142 gaixo daude larri Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU), duela astebete baino 10 gehiago. Horrez gain, gela arruntetan eri gehiago daude orain: 796, urtarrilaren 3an baino bi ehuneko baino gehiago.

Ospitaleen tenkatze hori are nabarmenagoa da Gabonen aurreko egoerarekin alderatuz gero. Izan ere, abenduaren 20an 391 pertsona zeuden erietxeetan (gela arruntak+ZIUak); gaur egun % 140 gehiago dira. Hala, erietxeratutakoen kopurua pandemia osoko altuena da (2020ko urrian hasi zen Osasun Saila datu hori ematen).

Gora egiten ez duen adierazle bakarra R0 indizea da —positibo batek kutsatzen duen pertsona kopurua); are, behera egin du, nabarmen, eta 1,01ean kokatu da. Epidemiologoek 1aren bueltan egotea jotzen dute onargarritzat. Gipuzkoan langa horretatik behera dago indizea (0,92), eta Araban eta Bizkaian bertsua dute: 1,06.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astelehen honetan aurreratu dituen datuetako batzuk, eta gainerakoak asteko buletin epidemiologikoan zehaztu dituzte. Horren arabera, EAEk 7.791 covid-19 kasu berri atzeman ditu igandean 18.766 proba diagnostiko eginda (positibotasun tasa % 41,5ekoa da).

Bestalde, intzidentzia tasa metatua 6.600,91 kasukoa da 100.000 biztanleko, hots, duela astebete baino 2.100 puntu handiagoa.

Gipuzkoako egoitzetan hiru adineko hil dira azken orduetan covid-19ak jota, eta 115 positibo berri zenbatu dituzte lurraldeko zentroetan.

Azkoitiako San Jose, Irungo Gurutze Gorria eta Donostiako Lamorous zentroetako adinekoak ziren hildakoak, Aldundiak jakitera eman duenez.

Zuhurtziarako deia egin du Sagarduik

Covid-19aren pandemiaren bilakaerari buruzko datuak Legebiltzarrean eman ditu gaur Sagarduik, eta berretsi du, "ustez omikron aldaera hain larria ez bada ere", arriskua handia dela, "bereziki pertsona zaurgarrietan".

Agerraldian azpimarratu duenez, geroz eta kutsatze gehiago egon, orduan eta handiagoa da ospitaleratzeen kopurua, "baita ZIUetan ere". "Hildakoen kopuruak ere gora egiten du, baita gazteen artean ere", esan du. Halaber, ohartarazi du ospitaleratze pediatrikoek ez dutela hobera egin, eta osasun sisteman tentsioa dela nagusi.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea