Gizartea -

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "Osasun Sistemaren lan karga handi bat txertatu gabeek eragin dute"

Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboetako Unitateko buruak azaldu duenez, ZIUetan daudenen hirutik bi txertatu gabeak dira eta txertatuta dauden gaixo kritikoek immunitate arazoak dituzte: minbizia, transplantea jaso dute edota gaixotasun autoimmuneengatik tratamendu biologikoa dute, adibidez.

Felix Zubia Donostia Ospitaleko atarian. ETBren bideo batetik hartuta irudia.
Felix Zubia Donostia Ospitaleko atarian. ETBren bideo batetik hartuta irudia.
Felix Zubia Donostia Ospitaleko atarian. ETBren bideo batetik hartuta irudia.

play icon 29:50

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemia gorenean den honetan, mezu baikorra eman du gaur Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburuak Euskadi Irratian: "Goia jotzeko ez gabiltza oso urruti, aste honetan joko dugu edo hurrengoan". Kutsatzeek goia jo arren, baina, jaitsiera kostatu egingo dela iragarri du. "Britaina Handia eta Danimarkako adibideak ikusita, behin kutsatze maila gorenera iritsita, egonkortze bat etorriko da, eta gero, jaitsiera, poliki-poliki izango da" adierazi du.

Gaur egungo kutsatze tasa altuek osasungintza estutzen jarraitzen dutela ohartarazi du Zubiak, eta oraindik ere zerbitzua areagotzeko aukera duten arren, %150-%200ean ari direla lanean gogorarazi du eta horrek beste zerbitzu batzuk bertan behera uztea dakarrela ohartarazi du: "urgenteak ez diren ebakuntzek atzeratu egin behar izan dira: protesiak, erniak.... eta egoera okertzen doa tantaka-tantaka".

"Europako kutsatu kopuru altuena Hego Euskal Herrian izan dugu" hausnartu du Donostia Ospitaleko ZIU arduradunak, eta horrek, ezinbesteak isla du ospitaleetan. EAEn, une honetan, 631 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 122 ZIUn eta eta Nafarroan 221, 27 ZIUn. "Asko igotzen ari da plantan ospitaleratuta daudenen kopurua, baina mantsoagoa doa ZIUetakoa. Eztakit omikron arinagoa delako edo txertoak emandako babesagatik izan den, baina datu argi bat dago: Gurean, Frantzian, Italian edota Erresuma Batuan bezalaxe, ZIUetako gaixoen bi herenak txertatu gabeak dira. Beste herena, txertatuta daudenak, immunitate arazoak dituzten pertsonak dira, minbizia dutenak, transplantatuak edota gaixotasun autoimmune bategatik tratamendu biologikoa jasotzen ari direnak. Horregatik, esan beharra dago Osasun Sistemaren lan karga handi bat txertatu gabeek eragin dutela".

Gauzak horrela, zainketa intentsiboetako medikuak txertaketaren aldeko aldarria egin du berriz ere eta ohartarazi du gazteek ere amai dezaketela covid-19agatik ZIUn, "baita aurrez osasun arazorik ez dutenek ere".

Immunitate arazoak dituzten herritarrei ere tentuz ibiltzeko gomendioa egin die: "FFP2 maskara erabili beti toki itxietan eta katarro, eztul edo mukiekin dabiltzanengandik urrun ibili, baita etxekoak badira ere".

Azkenik, aste honetako "albisterik onenetakoa" izan omen dena aipatu du: AEBetan interes komertzialik gabeko lehen txertoa garatu dute, patenterik gabekoa, corbevax.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Albisteak Gipuzkoa EAE Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz Osasun albisteak gaur Donostia Ospitalea Koronabirusa olatu berria