Gizartea -

Koronabirusa

Espainia covid-19a endemia gisa kontrolatzen hasiko da seigarren olatua gainditu ondoren

"Nahiz eta seigarren olatua izan, egoerak aurrekoekin zerikusirik ez duela bistakoa da", esan du Carolina Darias Osasun ministroak. Egoera aldaketaren aurrean, "agertoki berriak aurreratzeko" beharra nabarmendu du

Nafarroako Unibertsitate Klinikaren ZIUa. Argazkia: EFE
Nafarroako Unibertsitate Klinikaren ZIUa. Argazkia: EFE
Espainia seigarren olatua gainditu ondoren hasiko da covid-19a endemia gisa kontrolatzen

2:23

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carolina Darias Osasun ministroak iragarri duenez, Espainia seigarren olatua gainditu ondoren covid-19aren gaineko zaintza eta kontrol sistema aldatzen hasiko da, "sekula ez lehenago"; izan ere, "gaixotasun pandemikoa pixkanaka-pixkanaka endemiaren ezaugarriak hartzen ari da".

"Nahiz eta seigarren olatua izan, egoerak aurrekoekin zerikusirik ez duela bistakoa da. Txertaketa portzentaje handia, omikron aldaeraren presentzia eta intzidentzia covid-19aren epidemiologia pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari dira", azaldu du Dariasek. Zentzu horretan, pandemiaren eraldaketan txertoen garrantzia gogorarazi du ministroak.

Aldaketaren aurrean, "agertoki berriak aurreratzeko" beharra nabarmendu du Dariasek. "Horregatik, covid-19a kontrolatzeko eta zaintzeko sistema berri batera egokitzea aztertzen hasi behar gara, seigarren olatua atzean utzi ondoren, sekula ez lehenago", erantsi du ministroak.

Horrela, alerta lantaldearen adituek azterketa prozesua abiatu dutela esan du buruzagiak. Era berean, Europar Batasuneko estatu kideekin batera, "aukera berrien" eztabaidari heldu diotela iragarri du Dariasek, "endemiaren ezaugarriak pixkanaka-pixkanaka hartzen ari den gaixotasun pandemikoari aurre egiteko aukerarik onenak zehazteko".

Horrela, omikron aurrekoak baino aldaera arinagoa izaten ari dela errepikatu du ministroak; izan ere, abenduaren 13tik 26ra infektatu direnen % 2 baino gutxiago ospitaleratu behar izan dituzte, aurreko bi hilabeteetan (% 6) eta iragan urtarrileko hirugarren olatuan baino gutxiago (% 8).

Hala ere, covid pazienteek ospitaleko oheen % 13 eta ZIUen % 23 betetzen zituzten atzo, "baina duela urtebete hirugarren olatuan ikusitakoa ez dute gainditzen, nahiz eta orduan baino intzidentzia hiru aldiz handiagoak izan", adierazi du Dariasek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Anbulatorioak