Gizartea -

gaixotasunak

Adituak itxaropentsu agertu dira esklerosi anizkoitzaren inguruko azken aurkikuntzaren aurrean

Hardvardeko Unibertsitateak esklerosi anizkoitza Espstein-Barr birusak eragin dezakeela ondorioztatu ondoren, osasungintzako adituek aldeko balorazioa egin dute.

Esklerosi anizkoitzaren paziente bat. Artxiboko argazkia: EITB Media
Esklerosi anizkoitzaren paziente bat. Artxiboko argazkia: EITB Media
Leire Avellanal esklerosi anizkoitza duen medikua, Harvardeko ikerketaren harira: ''Itxaropen handia da''

1:23

i.l.k. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esklerosi anizkoitza Epstein-Barr birusak eragiten duela ondorioztatu du zientzialari talde batek, mononukleosiaren birusak, alegia. Hardvardeko Unibertsitateak zuzendu du bi hamarkada luzatu den ikerketa, eta Ameriketako Estatu Batuetako 10 milioi militarri bi urtean behin egiten zaizkien analisiak baliatu dituzte hori burutzeko.

Adituak, oro har, bat etorri dira aurkikuntzaren interpretazioari dagokionez, iraultza ekar baitezake esklerosi anizkoitzaren tratamenduan. Alfredo Antigüedad Gurutzetako Ospitaleko Neurologia buruak 2012tik darama gaixoekin birus horren eragina aztertzeko lanean, tratamenduak egokitzeko. ETBri eskainitako adierazpenen arabera, ikerketaren emaitzak "ate berri bat ireki digu eta baliteke hurbileko etorkizun batean gaixotasun hau prebenitzeko txertoak garatzea".

Leire Avellanal Zaballa, bestalde, medikua da, eta 19 urte zituela esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten. Hasiera "oso gogorra izan zen, beti ikusten baitugu gaixotasunaren alderik zaharrena: gurpildun aulkia, bilakaerarik txarrena...". Avellanalek ere albistearen aldeko irakurketa egin du. Haren aburuz, "itxaropena" ekarriko du, eta "argi handi bat".

Era berean, adierazi du "ikerketa maila berriak" zabalduko direla hemendik aurrera.

Hardvarden ikerketaren arabera, nerbio-sistema zentraleko gaixotasun honen eragile nagusia muxuaren gaitza da. Medikuak azpimarratu duenez, ikerketaren laginetik "955ek mononukleosia pairatu dute, esklerosia garatu baino lehen". Hala, aipatu birusa duten pertsonengan esklerosi anizkoitza garatzeko arriskua 32 aldiz handiagoa dela ondorioztatu dute.

Maria Luisa Ustarroz Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteko presidenteak, berriz, "zuhurtziaz" hartu nahi izan du berria, eitb.eus-i eskainitako adierazpenetan. Edonola ere, haren arabera, gaiaren inguruko albistea kaleratze soila "berri ona" da, eta "gaixotasuna ikertzen ari direla esan nahi du".

Ikerketek aurrera egin bitartean, munduan ia 3 milioi lagunek duten gaitz honen prebentzioa gertuago ikusten dute medikuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Zientzia albisteak Osasun albisteak Zientziaren hedapena zuzenean Gurutzetako Ospitalea albisteak