Gizartea -

KORONABIRUSA

Azken asteko heriotza kopuru handia kontuan izanda, neurriak mantentzearen alde egin du Zubiak

78 pertsona hil dira azken astean EAEn covidagatik eta 21 Nafarroan. Zenbakien atzean pertsonak daudela gogorarazi du Donostia Ospitaleko ZIU buruak: "Neurriak zertarako behar ditugun? Heriotza horiek izan behar ditugu buruan" hausnartu du.

Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIU burua. Argazkia: EITB
Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIU burua. Argazkia: EITB
Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIU burua. Argazkia: EITB

play icon 30:00

Eider Jauregi Oiartzabal | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren seigarren olatuak goia jo duela dirudi azken aste honetako datuei erreparatuz gero, ospitaleratuen kopurua eta ZIUetan daudenena jaisten ai dela kontuan izanda, batez ere. "Ospitaleetako egoera arintzen ari da" esan du Felix Zubia Donostia Ospitaleko zerbitzuburuak Euskadi Irratiko Osasun Etxean, baina oraindik ere ez dela ona nabarmendu du. Une honetan kutsatzeak helduen artean jaisten ari direla adierazi du, eta umeetan igotzen, baina ikusi egin beharko dela hurrengo egunetan zer gertatzen den.

Covid gaixoek EAEn 1.000 ohe okupatzen dituztela gogorarazi du eta zenbaki hori dela hain zuzen ere hospitale askok duten gaitasun osoa. ZIUek ere oso beteta jarraitzen dutela nabarmendu du eta horrek eragina duela Osasun Sistemak jasaten dituen murrizketetan.

Aste honetan, baina, heriotza kopuruari erreparatu nahi izan dio bereziki ZIUetako medikuak, aspaldi ikusi gabeko zenbakiak baitira: 78 hildako EAEn eta 21 Nafarroan. "Zenbakietara mugatu izan da hildakoen kopurua baina hor atzean pertsonak daude. Horregatik, neurriak zertarako hartu behar ditugun? Heriotza horiek izan behar ditugu buruan".

Izan ere, daukagun transmisio maila altuarekin neurriak arintzea ez dela egokia uste du medikuak: "Neurri oso arinak ditugu eta mantendu beharra ikusten dugu egoera hau den bitartean".

Lehen Arreta defendatzeko deitu diren mobilizazioen inguruan, Zubiak adierazi du Lehen Arretako zerbitzua "lehertu" egin dela. "Osasun Publikoa muturrera eramateak" dakartzala egungo arazoak eta "epe ertainerako plangintzak egiteko, baliabideak jartzeko, eta langileak egonkortzeko" eskatu du, besteak beste, "eta ez pandemia garaian bakakarrik".

Atzo Bizitza plataformak Bilbon deitu zuen manifestazioaren harira galdetuta, Zubiak esan du berari ere covid pasaportearena ez zaiola egokia iruditzen, "transmisioa eteteko balio ez duen heinean", eta jendea txertatzera animatzeko "datuekin konbentzitu" beharra dagoela berretsi du. Alde horretatik gogorarazi du "txertatuta ez daudenek askoz aukera gehiago dutela ospitaleratuta bukatzeko, eta Osasun Sisteman gainkarga eragiten dutela" adierazi du berriz ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Donostiako azken albisteak Gaixotasunak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Euskadi Irratia Osasun albisteak Donostia Unibertsitate Ospitalea Koronabirusa olatu berria