Gizartea -

OSASUNGINTZA PUBLIKOA

Osakidetza: "Pandemia pixka bat baretu ahala, Lehen Arreta indartzeko lan egingo dugu"

Susana Martin Osakidetzako Lehen Arretako arduradunak esan du "presentzialtasuna" berreskuratzen joango dela Lehen Arretako zerbitzua, baina pandemia "salbuespenezko egoera oso gogorra" izan dela defendatu du.

Susana Martin, Osakidetzako Lehen Arretako arduraduna. Argazkia: EITB Media
Susana Martin, Osakidetzako Lehen Arretako arduraduna. Argazkia: EITB Media
Susana Martin, Osakidetzako Lehen Arretako arduraduna. Argazkia: EITB Media

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko hiru hiriburuetan "Osasun Sistema Publikoaren kolapsoa" salatzeko egin diren manifestazioei erreferentzia eginez, osasun-profesionalen egoera ulertzen duela adierazi du Susana Martin Osakidetzako Lehen Mailako Arretako arduradunak, baina pandemia "salbuespenezko egoera oso gogorra" izan dela defendatu du.

Ser katean egindako adierazpenetan, egoera ulertzen duela esan du, eta mobilizazioengatik "kezkatuta" agertu da, baina "premiazko neurriak" hartu diren arren, "pandemia pixka ba baretu ahala Lehen Arreta indartzeko lan" egingo dela adierazi du.

Presentzialtasunera itzultzeko eskaerari dagokionez (gaur egun % 50 ingurukoa da), Martinek adierazi du ez duela uste osasun-arloko profesional askok modu ez-presentzialean lan egin nahi dutenik. "Presentzialtasunaren aldeko apustua egingo dugu beti, eta, beharbada, aurrez aurreko eta presentzialak ez diren kontsulten bizikidetza-egoera batera igaroko gara, biek balioa ematen baitiote zerbitzuari eta premia desberdinei erantzuten baitiete. Datozen hilabeteetan lanean jarraituko dugu", adierazi du.

Era berean, adineko pertsona askok, mundu digitala kontrolatzen ez dutelako, osasun-zentroekin harremanetan jartzeko dituzten zailtasunen aurrean, Osakidetzako Lehen Arretako arduradunak "barkamena" eskatu du herritar guztiengana iritsi ez bada, baina pandemia "salbuespenezko egoera oso gogorra" izan dela azpimarratu du.

"Lasaitasun mezua eman nahi dut, aurrez aurreko hitzorduak hazten ari dira eta hazten jarraituko dute pertsona guztiei erantzuteko" adierazi du.

Bestalde, hilaren 28ra arte daudela indarrean egungo murrizketak gogorarazi du, eta egoerak hobera egiten badu, "denbora gutxian, adituek esango digute egoera lasaitzen has gaitezkeela".

Milaka lagun atera dira kalera Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Osasungintza Publikoaren alde

Milaka pertsonak parte hartu dute "Osasungintza publikoaren alde" eta, bereziki, Lehen Arretan bizi den egoera salatzeko gaur eguerdian Donostian, Bilbon eta Gasteizen egin diren manifestazioetan, "Nik bai sinesten dut Osasungintza Publikoan" eta "Lan balditza duinen alde" lelopean.

Osasungintza publikoa "jokoan" dagoela salatu dute sindikatu deitzaileek, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta SATSEk eta Osakidetzari "benetako negoziazioa" eta "Lehen Arreta indartzeko epe luzerako plangintza sendoa" eskatu dizkiote. Lehen Mailako Arretako lau elkartek, Bizkaiko Medikuen Elkargoak, pentsiodunen mugimenduak zein EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos eta Ezker Anitza alderdiek ere bat egin dute deialdiekin, milaka herritarrek bezala.

Sindikatuek azaldu dutenez, Osakidetzak langile eta bitarteko faltarekin dituen arazoak "egiturazkoak" dira, eta "ez dira pandemiaren ondorio". Hala, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari ohartarazi diote aurre egin ezean, mobilizazioak areagotuko dituztela, eta greba ere izan daitekeena.

Salatu dutenez, Euskadin osasun arloan BPGari dagokionez egindako inbertsioak ( % 4,9) behera egin du azken hamarkadan, eta Europako batez bestekoaren ( % 7) eta Espainiakoaren ( % 6) azpitik dago. Halaber, Osakidetzak pandemiari aurre egiteko erabili duen politika arbuiatu dute, "batez ere urritik, 4.000 profesionalen kontratuak berritu ez direlako, anbulatorioetako ordutegiak murriztu direlako, Etengabeko Arretarako Guneak itxi direlako, txertodromoak desegin direlako eta aztarnariak ahalik eta gehien murriztu direlako".

Osasun langileak eta herritarrak elkarrekin kalean, Osakidetzan langileak falta direla salatzeko
Osasun langileak eta herritarrak elkarrekin kalean, Osakidetzan langileak falta direla salatzeko
Osasun langileak eta herritarrak elkarrekin kalean, Osakidetzan langileak falta direla salatzeko

1:21
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Manifestazioak Sindikatuak Koronabirusa Anbulatorioak