Gizartea -

Radio Euskadi

Pandemiaren bilakaera bide onetik badoa, otsailean Lehen Arretan normaltasunez lanean hastea aurreikusten dute

Hala, abendu hasieran bertan behera geratu ziren premiazkoak ez ziren hitzorduak, tartean, gaitz kronikoak dituztenen jarraipen kontsultak, berreskuratzea espero du Susana Martin Osakidetzako Lehen Arretako zuzendariak.

Susana Martin
Susana Martin
Susana Martin

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susana Martin Osakidetzako zuzendariorde eta Lehen Mailako Arretako zuzendariak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, "oraindik tentsioa dago Lehen Arretan". Dena dela, pandemiaren bilakaera gutxituz badoa, abenduan bertan behera gelditu ziren premiazko hitzorduak berreskuratuko direla azaldu du, tartean, gaitz kronikoa dutenen kontsultak.

Tentsioa, baina, hor dago, zuzendariaren esanetan; izan ere, langileek batez beste 35 kontsulta dituzte egunero. Bestalde, telefono-deiek behera egin dutela azaldu du: urtarrilaren 10eko astean 500.000 dei izan ziren, eta 17ko astean, berriz, 350.000.

Deiak oraindik asko badira ere, Osakidetzak administrari laguntzaileak kontratatu ditu eta "irisgarritasuna % 75etik gora berreskuratu da"; horrek esan nahi du Osakidetzak jasotzen dituen 10 deietatik 7k berehalako erantzuna izaten dutela.

Susana Martinek adierazi duenez, pandemiaren bilakaera gutxituz badoa, otsailean Lehen Arretan normaltasun apur batekin lan egiten hastea gustatuko litzaioke.

Hala, abendu hasieran bertan behera geratu ziren premiazkoak ez ziren hitzorduak, tartean, gaitz kronikoak dituztenen jarraipen kontsultak, berreskuratzea aurreikusten dute otsailean, betiere pandemiaren bilakaera azken egunetako bidetik badoa.

Txertaketari buruz galdetuta, zalantzan jarri du Osasun Publikoak koronabirusa gainditu eta 5 hilabetera txertoaren hirugarren dosia atzeratzea: "Ez dugu txertorik ez jartzeko kontraindikaziorik 4 astetik aurrera, eta jarraibide berberekin jarraitzen dugu", azaldu du.

Osakidetzako langile faltaren aurrean Martinek nabarmendu du 2019ko Lehen Mailako Arretaren estrategian jada aurreikusten zela osasun-sektore horretan belaunaldien arteko erreleborik ez egotea. Adierazi du denbora daramatela hainbat ekintzatan lanean, baina epe ertainera erantzuna izango dutela esan du.

Epe motzera 2010ean martxan jarritako Eskariaren Kudeaketari buruzko proiektu pilotua zabaltzearen alde egin dute, hau da, "herritarren beharrak profesional egokienari egokitzea", lehen mailako arretaren hiru hankak kontuan hartuta: medikuak, erizainak eta administrari laguntzaileak. Halaber, gogorarazi du "lehen mailako arreta lehenetsiz" jarri dela martxan LEPa.

Amaitzeko, azaldu du "lehen mailako arretak nola funtzionatzen duen ikasleei kontatzea" beraiei dagokiela, adar hori aukera dezaten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa