Gizartea -
Minbiziaren Aurkako Eguna
Minbiziaren diagnosi kopuruak % 10-20 artean egin zuen behera pandemiaren lehen urtean
Aurreikuspenek diote minbiziaren intzidentziak gorakada txiki bat izango duela aurten 2021arekin alderatuta, 280.101 kasu berri diagnostikatuko baitira. Hala ere, kalkulu horrek ez du barne hartzen pandemiak izan dezakeen eragina.
EITB MEDIA
Minbiziaren intzidentziak gorakada txiki bat izango du aurten 2021arekin alderatuta, 280.101 kasu berri atzemango baitira, Espainiako Onkologia Medikoko Elkartearen kalkuluen arabera. Hala ere, zenbaki horrek ez du barne hartzen pandemiak izan dezakeen eragina.
Minbiziaren Nazioarteko Egunaren atarian, astearte honetan "Minbiziaren zifrak Espainian" txostena aurkeztu dute Espainiako Onkologia Mediko Elkarteak (SEOM) eta Minbiziaren Erregistroen Espainiako Sareak (Redecan).
Jaume Galceran SEOMeko presidenteak prentsaurrekoan adierazi duenez, minbizia bahetzeko programek koronabirusaren eragina jasan zuten, eta, beraz, 2020an diagnostikatutako kolon eta bularreko minbizien kopurua espero zena baino txikiagoa izan zen.
Osakidetzak jakinarazi zuenez, adibidez, 2020an 1.897 tumore detektatzeari utzi zitzaion, pandemiak bularreko eta kolon-ondesteko minbizia bahetzeko programak aldatu zituelako. Izan ere, gaitz bakoitzaren xede-populazioaren % 54,4k eta % 39,1ek baino ez zuten deialdirik jaso.
Minbiziaren diagnosi kopuruak % 10 eta 20 artean egin zuen behera pandemiaren lehen urtean Espainian, baina azken kopurua ezingo da jakin erregistro guztiak prest egon arte.
"Zaila izan zen 2020ko martxotik ekainera bitarteko lehen olatuan, baina gero berreskuratu egin dugu", adierazi du Enriqueta Felip Espainiako Onkologia Mediko elkarteko presidenteak, prebentzioaren garrantzia azpimarratuz.
2022an maizen diagnostikatutako minbiziak honako hauek izango dira:
- Koloneko eta ondesteko minbizia (43.370 pertsona)
- Bularreko minbizia (34.750 pertsona)
- Biriketako minbizia (30.948 personas)
- Prostatako minbizia (30.884 pertona) eta gernu maskuriko minbizia (22.295 pertsona)
Oso atzetik leudeke, esaterako pankreako, giltzurruneko, aho-barrunbeko edo faringeko minbizia, besteak beste.
Gizonen artean 160.066 tumore atzemango dira, batez ere prostatakoak, kolon eta ondestekoak, biriketakoak eta gernu-maskurikoak (17.992); emakumeen artean, berriz, 120.035 tumore detektatuko dira, eta bularrekoak eta kolon eta ondestekoak izango dira batik bat.