Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek sexu erasoa egin dio Bilboko metroko garbitzaile bati
Eraso matxista larunbat gauean gertatu zen Sestaoko geltokian. 22 urteko erasotzaileak ukituak egin zizkion emakumeari, eta ihes egitea lortu zuenean, atzetik jarraitu zion.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
22 urteko gizon batek sexu erasoa egin zion Bilboko metroko garbitzaile bati larunbat gauean, Radio Euskadik zabaldu duenez.
Eraso matxista Sestaoko (Bizkaia) metro geltokian jazo zen. Emakumea gaueko txandan geltokia garbitzen zebilela, 23:00ak jota, gizon bat nasetara jaitsi zen. Azaldu zionez, ordu horretan ez zegoen metro zerbitzurik noranzko horretan.
Salaketan ageri denez, gizona segika hasi zitzaion eta ukituak egin zizkion (prakak ere jaitsi zituen). Gizonak ordu erdi eman zuen emakumea jazartzen, biktimak giltzadun gela batean sartzeko aukera izan zuen arte.
Larrialdi zerbitzuak ohartarazi ostean, Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen, eta erasotzailea identifikatu zuten. Biktimak astelehen arratsaldean aurkeztu zuen salaketa, eta gizona ikerketapean dute.
Garbitzaileek salatu dutenez, denbora daramate segurtasunik ezarekin lan egiten, inongo babes neurririk gabe.
Elkarretaratzea ostiralean
Bestalde, garbiketa enpresako langile-batzordeak elkarretaratzea deitu du datorren ostiralerako (12:30) Bilboko Metroaren egoitzaren parean, beraien lankideak jasandako sexu-erasoa salatzeko eta lantaldearentzako segurtasun neurriak aldarrikatzeko.
UGTko ordezkariek ohartarazi dutenez, garbitzaileak gaueko 22:50etik goizaldeko 05:50era bitartean aritzen dira lanean, baina Metroko geltokiak 23:30ak arte egoten dira zabalik eta denbora tarte horretan "ez dago inor, ez segurtasuneko langilerik, ez ikuskaririk, ezta Metroko langilerik ere".
"Urteak daramatzagu eskatzen ateak itxi arte segurtasuneko langileak geltokietan egotea, baina Bilboko Metroak ez digu erantzunik ematen", salatu dute.