Gizartea -
ERTZAINTZAREN DATUAK
Bost delituetatik bat internet bidez egiten da
Delituak % 10 igo dira EAEn 2020ko datuekin alderatuta, baina pandemia aurreko zifretatik urrun. Bestalde, 2021ean Euskal Autonomia Erkidegoan burututako 10 hilketak argitu ditu Ertzaintzak.
EITB MEDIA
Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak 2021eko delituen balantzea egin du. Segurtasun Sailak zabaldutako datuen arabera, jarduera kriminalak % 10,28 egin zuen gora Euskal Autonomia Erkidegoan iaz, 2020ko datuekin alderatuta. Azken urtean igoera izan bada ere, pandemia aurreko urtearekin (2019) konparatuz gero % 10,25 delitu gutxiago erregistratu dira.
Erkorekak adierazi duenez, Ertzaintzak ikertzen dituen bost delituetatik bat internet bidez egiten da, eta EAEn ikertzen diren delitu informatiko guztien % 89 ziberiruzurrak dira.
Bestalde, Josu Erkorekak Ertzaintzaren eraginkortasuna nabarmendu du eta adibide gisa jarri du iaz EAEn burututako 10 hilketak (2 Araban, 5 Bizkaian eta 3 Gipuzkoan) argitu dituela.
Delitu motak
Homizidioak: 2021ean EAEn burututako 10 hilketetatik hiru emakumeen kontrako indarkeria kasuak izan ziren. Aldez aurretik pentsatutako kasu batzuk salbu, orokorrean dolozko homizidioak aurrez prestatu gabe, bat-batean gertatzen dira Ertzaintzaren arabera.
Emakumeen kontrako etxeko indarkeria: 5.430 kasu erregistratu ziren, aurreko urtean bezalatsu.
Sexu-askatasunaren kontrako delituak: 2021ean gora egin zuten sexu-askatasunaren kontrako delitu penalek (694 kasu, 174 kasu gehiago, % 33,4 gehiago). Horien artean, modu nabarmenean gora egin zuten sexu-erasoek (186 gertatu ziren, % 30 gehiago). Gisa horretako delitu gehienetan biktima eta erasotzailea ezagunak dira.
Ziberdelinkuentzia: 2021an delitu mota horrek behera egin badu ere, oraindik ere kopuru esanguratsua da. Guztira, internet bidez egindako 14.338 iruzur zenbatu dira, EAEn ikertutako delitu informatiko guztien % 89. Halaber, askatasunaren kontrako 651 delitu hauteman dira internet bidez (mehatxuak, derrigortzeak, etab.).
Ondarearen aurkako delituak: Indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretak pandemia aurreko mailara itzuli dira, baina etxebizitzetako lapurretek 2019koen azpitik jarraitzen dute (% 25,9 gutxiago). Era berean, enpresetan, merkataritza-establezimenduetan eta leku itxietan egindako lapurretak pandemia aurreko zifren oso behetik daude.
Ingurumenaren aurkako delituak: Egonkor mantendu dira. 2021ean aurreko urtean baino 8 arau-hauste penal gehiago erregistratu ziren. Kopuruz ugarienak baliabide naturalekin eta ingurumenarekin lotutakoak (46 kasu) eta animalien kontrako tratu txarrak (73 kasu) dira.