Gizartea -

Berdintasunerako euskal Legea

Soldatetan berdintasuna errespetatzen ez duten enpresei laguntzak kenduko dizkie Administrazioak EAEn

Hori da Jaurlaritzak diseinatu duen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Lege-proiektuaren berrikuntzetako bat. Gaur Legebiltzarreko batzordean irizpena onartu ondoren, araua hurrengo osoko bilkura batean onartuko da.

Emakume bat bere lantokia. Arxtiboko irudia: Pixabay
Emakume bat bere lantokia
Emakume bat bere lantokia. Arxtiboko irudia: Pixabay

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soldaten alorrean gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren printzipioa errespetatzen ez duten enpresa eta erakunde pribatuei emandako diru-laguntzak kendu ahal izango dituzte Euskadiko administrazio publikoek.

Hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak diseinatu duen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Lege-proiektuan sartu den berritasunetako bat, EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk elkarrekin egindako zuzenketa baten bidez.

Artikuluaren arabera, sektore publikoko erakundeek gardentasuna bermatu beharko dute ordainsarien arloan, eta dagozkien soldata-auditoretzak egin beharko dituzte. Sektore pribatuan, berriz, euskal sektore publikoaren diru-laguntza jaso edo kontratatzen duten enpresa eta erakundeek gardentasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko ordainsariaren aurrean berdintasun-printzipioa bete beharko dute.

Diskriminazioaren zantzurik antzemanez gero, erakundeei epe bat emango zaie hori justifikatzeko edo zuzentzeko. Hala egiten ez badute, "kontratuaren edo diru-laguntzen prozesuan zehazten den zigorra edo ondorioa jasoko dute, besteak beste, diru-laguntza galtzea" edo kontratuaren amaiera eta jasotako zenbatekoak itzuli beharra.

2005. urteaz geroztik indarrean dagoen araudia aldatzen duen testua aurreko legealdian Emakundek egin zuen berbera da, eta Gobernu Kontseiluak joan den urtarrilaren amaieran lege-proiektu gisa onartu zuen, baina Legebiltzarra desegin zenean bertan behera geratu zen. Orain, asteazken honetan Legebiltzarreko batzordean irizpena onartu ondoren, araua behin betiko onartuko da oraindik zehaztu ez den hurrengo osoko bilkuran.

Legebiltzarreko talde guztiek, Vox alderdiak salbu (ordezkari bakarra ez da batzordera joan), ponentzian egindako lana eta arau honek berdintasunari eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari begira suposatzen duen aurrerapena baloratu dute.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Emakunde Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa