Gizartea -
Biodonostia Institutua
Aurrerapauso garrantzitsua eman du Biodonostiak garuneko tumore agresiboenaren garapenarekin lotuta
Hain zuzen ere, ikertzaileek "edukiera ezezagun bat" aurkitu dute garuneko tumore ohiko eta agresiboenaren zelula ametan. Birziklapen, garbiketa eta zelulen birsorkuntza mekanismo batez baliatuta, kimioterapia tratamenduak saihestu ditzakete horrek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Biodonostia Institutuak koordinatutako ikerketa batek aurrerapen zientifiko garrantzitsua egin du. Izan ere, ikertzaileek "edukiera ezezagun bat" aurkitu dute garuneko tumore ohiko eta agresiboenaren zelula ametan. Birziklapen, garbiketa eta zelulen birsorkuntza mekanismo batez baliatuta, kimioterapia tratamenduak saihestu ditzake horrek.
American Association for Cancer Research taldearen Cancer Research aldizkariak argitaratu du Ander Matheu Biodonistiako ikertzaileak gidatutako ikerketa. Biodostiarekin elkarlanean izan dira CIC bioGUNE biozientzien zentro bizkaitarra eta Albert Einstein College of Medicine newyorktarra ere.
Donostiako osasun ikerketa institutuak eta Ikerbasquek eman dute aurkikuntzaren berri, ohar baten bidez. Bertan zehaztu dute garuneko tumoreen zelula gaizto horiek mekanismo horretaz "aprobetxatzen" direla denbora luzez martxan egoteko, eta kimioterapia tratamenduen erasoak saihesteko.
Oharrean azaldu dutenez, tumore gehienetan zelula amen antzeko ezaugarriak dituzten zelulak daude. Horiek eratzen eta garatzen dute tumorea, baita minbizia berriro sortzeko arriskua ere. Gainera, tumoreen aurkako terapiei aurre egiteko gai ere badira.
"Zelula ama gaiztoak dira, eta itu terapeutiko bikainak. Horiek desagerraziz gero, posible litzateke tumoreekin bukatzea", dio oharrak.