Gizartea -
Hezkuntza
Beste 15 egun izango dituzte Hezkuntza legearen zirriborroari alegazioak aurkezteko
Talde parlamentarioek eta agente sozialek martxoaren 4a arte izango dute ekarpenak egiteko. Era berean, herritar batek egindako eskaerari men eginda, testua publiko egingo dute.
E. G. / L. Z. | EITB Media
Hezkuntza legearen zirriborroa prestatzen dabilen Eusko Legebiltzarreko batzorde txostengileak "aho batez" erabaki du alegazioak aurkezteko epea luzatzea. Adostutako egutegi berriaren arabera, talde parlamentarioek eta agente sozialek beste 15 egun izango dituzte, martxoaren 4ra arte (12:00etan), ekarpenak egiteko.
EITB Mediak jakin ahal izan duenez, martxoaren 7an bilduko da berriro batzordea, talde bakoitzak bere arrazoiak eman ditzan, eta hurrengo bileraren data erabaki dezaten. Hain zuzen ere, bigarren batzar horretan bozkatuko lituzkete proposamenak.
Era berean, eta herritar batek egindako eskaerari men, Legebiltzarrak publiko egingo du testua bere webgunean.
PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs taldeek eskatuta luzatuko dute alegazioak aurkezteko epea. Eskaera EAJk eta EH Bilduk ere babestu zuten, biek ala biek aurreratu baitzuten "malguak" izango direla, helburu dutelako Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari igorriko dion dokumentuaren gaineko akordioak ahalik eta babes sendoena jasotzea. Aurreikusitakoaren arabera, Hezkuntza lege berria 2022ko bigarren seihilekorako egongo da prest.
Besteak beste, zirriborroan jaso dute hezkuntza eredu eleaniztun bat ezartzea, euskara ardatz duena. Halaber, Jaurlaritzak "benetako doakotasuna" bermatuko du hezkuntzan, "eskolaratze kuotak kenduta".
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du hezkuntza herri erronka dela, eta ondo finkatu behar direla bere oinarriak luzaroan iraun dezan. Bestetik, PSE-EEri zuzenduta, mezu argia bidali dio bazkide duen alderdiari: "Eskola publikoari dagokionez, ez du PSE-EEk zalantzarik izan behar zein den gure konpromisoa". Azken egunetako ika-miketatik harago, bi alderdien arteko akordioa posible izango dela esan du, eta, are gehiago, adostasun hori zabalagoa izango dela aurreikusi du.
PSE-EEk ohartarazi du "alde oso handiak" daudela Hezkuntza Lege berriaren proposamenaren inguruan, baina sozialisten nahia akordioa lortzea dela. Hala ere, EAJri eskatu dio "epe laburrean akordio bat bilatzeko" bi alderdien artean, gobernu-akordioan hitzeman zuen bezala, beste talde batzuk batu aurretik.
Bestalde, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren bozeramaileak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, lau aste luzatzea eskatu zuten ekarpenak egiteko denbora gehiago izateko. Elkarrekin Podemos-IUtik 80 proposamen biltzen dituen dokumentu bat osatzen ari dira. Gorrotxategi oso "atsekabetuta" mintzatu da Hezkuntza lantaldeko presidenteak otsailaren hasieran aurkeztu zuen dokumentuarekin.