Politika -
Eusko Legebiltzarra
Hezkuntza Legearen zirriborroari alegazioak aurkezteko epea luzatzea eskatu du PSE-EEk
Bestalde, "gauza askotan jasotzen ez diren ekarpenak egingo ditu EH Bilduk", esan du Maddalen Iriartek. Jokin Bildarratzen ahotan, "mahai gainean jartzen ari diren eztabaidak oso positiboak dira". Kataluniako sistema "kopiatu" nahi izatea salatu du PPk.
Agentziak | EiTB Media
Indar politikoek Hezkuntza Legearen zirriborroari alegazioak aurkeztu ahal izateko epea luzatzea eskatu du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak.
Bozeramaile eta alkate sozialistekin Bilbon bildu ondoren emandako prentsaurrekoan, Eusko Legebiltzarreko lantaldean iragan astean ez zutela egutegirik bozkatu, eta Gorka Alvarez (EAJ) lantaldeko presidenteak bi asteko epea proposatu zuela ziurtatu du PSE-EEko buruzagiak.
"Ez genuen inongo egutegirik bozkatu, Presidentetzak proposatu zuen eta ez zen bozketarik izan", esan du Anduezak. "Presaka ibiltzea ez da batere ona, epeak luzatzea nahi dugu gaia aztertzeko, oso-oso garrantzitsua delako", erantsi du.
Horrela, eztabaidari "erritmo bizia" inposatzea zentzurik ez duela uste du Anduezak. "Alderdien ekarpenak egiteko epea luzatu behar bada, ez dago arazorik beranduago egiteko", azpimarratu du.
PSE-EEko agintariaren hitzetan, hezkuntza legearen oinarrien inguruan akordio bat zegoenik ez zuen "sekula" esan. "Gainerakoen irakurketei ez diegu erantzungo", gaineratu du, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren arteko balizko akordio bati erreferentzia eginez.
"Mahai gainean jartzen ari diren eztabaidak oso positiboak dira", adierazi du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Onda Cero irratian egindako elkarrizketan. "Politikakeria" atzean utzi eta "hezkuntza eztabaidan buru-belarri" murgiltzen badira, euskal hezkuntza sistema "ikaragarri sendoturik" aterako dela uste du sailburuak.
Bestalde, Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak "hezkuntzaren egiturazko beharrizanei" erantzun bateratu bat ematea aldarrikatu du.
"Eztabaida lasaia eta sakona egiteko zirriborro bat dugu, eta gauza askotan jasotzen ez diren ekarpenak egingo ditu EH Bilduk", argudiatu du.
Iriarteren ahotan, dokumentua "abiapuntu ona" da, baina PSE alde batera geratu dela onartu du, "zenbait gauzekin ados ez dagoela esanez".
Azkenik, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak salatu du Kataluniako hezkuntza sistema "kopiatu" nahi dutela, EH Bilduk "haritik tiraz" eta PSEk EAJri "txitximurkadak" eginez.
Iturgaizek Radio Euskadin ohartarazi duenez, zenbait alderdiren helburua "erabateko murgiltzea da, gaztelania desagertzeko eta itunpeko eskola estutasunean jartzeko".