Gizartea -

2018ko krimen matxista

Auzoko batek akusatua emazte ohiari eraso egiten ikusi zuen etxebizitzako eskailera-buruan

Biktimen oihuak, laguntza eske, entzun zituzten bizilagunek testigantza eman dute epaiketan. Era berean, suhiltzaile batek eta akusatuaren lankide batzuek deklaratu dute asteazken honetako saioan.

Juicio en la Audiencia Provincial de Álava. Foto: EFE
Juicio en la Audiencia Provincial de Álava. Foto: EFE
Juicio en la Audiencia Provincial de Álava. Foto: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen, 2018ko apirilaren 20an, emazte ohia eta amaginarreba ohia labanaz hiltzea leporatzen dioten gizonaren aurkako epaiketan, auzokoek deklaratu dute asteazken honetan. Horrela, biktimen oihuak, laguntza eske, entzun zituzten bizilagunek testigantza eman dute gaurko saioan. Horietako batek akusatua emazte ohiari eraso egiten ikusi zuen etxebizitzako eskailera-buruan.

Azaldu duenez, laguntza eske oihuak entzun zituenean lo zegoen, altxatu, eskailerara atera eta zenbait solairu igo zituen. Akusatua belauniko aurkitu zuen emaztearen alboan, kamiseta barik eta biktimaren lepoa "moztu" behar zuenaren keinua eginez.

"Mozteko keinua indarrarekin egiten ikusi nuen", deskribatu du emakumeak. Biktimaren aurpegia eta labana ez zituela ikusi erantsi du auzokoak. Lekukoaren esanetan, oihu egin eta akusatuak begiratu zuen: "ez zen normala" zuen aurpegia, begiak "zoro" baten antzera zituen, "amorruarekin, gorrotoarekin", "ez nuke jakingo definitzen", azaldu du.

"Mozteko keinua indarrarekin egiten ikusi nuen"

Elkarri begiratu ondoren, gizonak buelta eman eta biktimari eraso egiten jarraitu zuen, gaineratu duenez.

Bestalde, gaurko saioan auzipetuaren lankide batzuek deklaratu dute. Gatazkak saihesten zituen gizon bat bezala deskribatu dute. Dibortzioak eragin zion, "normalean baino urduriago" ikusten zutelako, "jota", tristeago, azpimarratu dute. Erantsi dutenez, errudun sentitzen zen.

Gainera, suhiltzaile batek lekukotza eman du epaiketan. Suhiltzailearen ahotan, leihoan zegoenean akusatuak egin zituen mugimenduak ez dira bere buruaz beste egin nahi duen norbaitenak, nahita irristatu eta koltxonetaren gainean erori zelako.

Epaiketak ostegun honetan jarraituko du, krimen bikoitzaren egunean esku hartu zuten ertzainen eta udaltzainen deklarazioarekin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Feminismoa