Gizartea -
LAN GATAZKA
Greba eguna dute gaur BetiOn telelaguntza zerbitzu publikoko langileek
LAB, ELA eta UGT sindikatuek lau greba egun deitu dituzte martxorako. 62.500 adinekok erabiltzen dute Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen zerbitzu hau. 1.000 dei inguru jasotzen dituzte egunero, eta 2.000 inguru egiten dira bertatik.
E. J. O. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako BetiOn telelaguntza zerbitzu publikoko langileak grebara deitu dituzte astelehen honetan LABek, ELAk eta UGTk, martxoan zehar egingo dituzten lau protesta-egunetako lehenean, "lan-hitzarmen duin baten alde" eta Jaurlaritzari "beste alde batera begiratzeari uzteko" eskatzeko.
Tunstall Televida-GSR-Grupo IMQ enpresak kudeatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko telelaguntza zerbitzu publikoa, mugikortasun arazoak edo desgaitasunen bat duten edota bakarrik bizi diren adineko pertsonei telefono bidezko arreta eskaintzen dien zerbitzua. Sindikatuen esanetan, "enpresa horiek irabazi handiak dituzte zerbitzuaren truke Eusko Jaurlaritzak ordaintzen dizkien 41 milioi euroei esker, baina zerbitzua osatzen duten 120 langileen lan-hitzarmenak berritu gabe jarraitzen du eta negoziazioak blokeatuta daude".
Sindikatu deitzaileen arabera, negoziazioak hasi zirenetik "enpresak ez du KPI errealari lotutako soldata hobekuntzarik proposatu, ezta EAEko sektore soziosanitarioko langileekin (erresidentzietakoak, etxez etxeko laguntza ematen dutenak eta integrazio soziala sustatzen dutenak) soldata ekiparazioa bermatuko lukeen aukerarik eskaini ere".
Gauzak horrela, grebara deitu dituzte martxoaren 21, 24, 28 eta 31rako.
Lehen egunean, astelehenen honetan, Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatuko dira, "beste alde batera begiratzearei utz diezaion".
BetiOn telelaguntza zerbitzu publikoa
BetiOn telelaguntza zerbitzu publikoa da. Zerbitzu honi esker, erabiltzaileek arreta iraunkorreko zerbitzua izan dezakete etxean, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan. Zerbitzu hori larrialdi-egoerei edo premia sozialei erantzun egokia emateko prestatuta dauden pertsonek ematen dute. Zerbitzua jasotzeko, terminal bat instalatzen da erabiltzailearen etxean, eta lepotik eskegita eramateko sakagailu bat ematen diote erabiltzaileari.
Telelaguntza zerbitzu honek 10 urte bete ditu. Gaur egun, 62.500 lagunek erabiltzen dute, eta horiei eta zerbitzu hori ematen dutenei aitortza egin zieten abenduan BECen, Urkullu lehendakaria buru zela.