Gizartea -

GREBA GARRAIOAN

Hiruk eta Tradisnak arratsaldean erabakiko dute grebarekin jarraitu edo ez

Oraingoz lanuzteek jarraitzen dute eta gaur arratsaldean Hiruko 700 langileak berriro bilduko dira Eusko Jaurlaritzak onartutako laguntzak aztertzeko.

Protesta, esta mañana, en San Sebastián
Protesta, esta mañana, en San Sebastián
Protesta, esta mañana, en San Sebastián

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oraingoz, Hiru euskal garraiolarien sindikatuak eta Nafarroako Garraiolarien Elkarteak (Tradisna) grebari eutsi diote, baina gaur arratsaldean erabakiko dute grebarekin jarraitu edo ez.

Hiru sindikatutik aurreratu dutenez, gaur arratsaldeko 17:00etan 700 langileak berriro bilduko dira Eusko Jaurlaritzak onartutako neurriak aztertzeko. Iritzi aldaketa baletor, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aldundiek aurkeztutako laguntza egitasmoaren ondorioz etorriko litzateke.

Hiru sindikatuak begi onez hartu ditu neurri berriok; izan ere, administrazioak "gutxienez" konturatu dira sektorea hor dagoela. Hala ere ohartarazi du ez dutela greba bertan behera utziko euren aldarrikapenak onartu arte.

Hala, goizean garraiolari talde batek elkarretaratzea egin du Foru Jauregiaren aurrean, Hiruk deituta, erakundeak Gipuzkoako errepideetan jarritako bidesariengatik protesta egiteko.

Alberto Núñez sindikatuko bozeramailearen esanetan, arratsalden bilera egingo dute Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin eta Jokin Perona Ogasuneko zuzendariarekin, atzo iragarritako erabakien inguruan hitz egiteko.

Hain justu, gaur goizean "Egun On Euskadi" ETB1eko saioan egin dioten elkarrizketa batean garraiolariak izan ditu hizpide Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta hiru aldundiek proposatutako laguntzak ondo aztertzeko eta denen onerako, gutxinaka, lanera itzultzeko deia egin die. Ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, hartu diren neurriak "positiboak" izango dira garraiolarientzat, baina onartu du grebarako eskubidea ere hor dagoela.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek "premiazko neurri sorta" adostu dute Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko. Zehazki, 5,4 milioi euro inguruko zuzeneko laguntzak emango dizkiote lehen sektoreari, eta zerga gerorapenak eta salbuespen fiskalak jarriko dituzte langile autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txikien esku. Dena ondo bidean, hiru aldundietako gobernu bileretan datorren astean onartuko dituzte neurriok eta "berehala" sartuko dira indarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Eusko Jaurlaritza Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Gatazkak garraio sektorean Ekonomia