Gizartea -
ukrainako gerra
Zenbait manifestaziok Ukrainako gerraren aurreko "intsumisiorako" deia egin dute, Hego Euskal Herrian
Manifestazio antimilitaristak egin dituzte larunbat honetan Hegoaldeko hiriburuetan. Ukrainako gerraren aurrean, "intsumisiorako" deia egin dute, eta desertoreei aterpea emateko eskatu dute.
agentziak | eitb media
Manifestazio antimilitaristak egin dituzte larunbat honetan Hegoaldeko hiriburuetan. Ukrainako gerraren aurrean, "intsumisiorako" deia egin dute, eta ukrainar eta errusiar desertore eta iheslariei aterpea ematearen alde egin dute.
Nafarroako hiriburuaren kasuan, mobilizazioa 18:00ak pasata atera da Gaztelu Plazatik, 'Intsumisioa gerrei' lelopeko pankartaren atzean. Intsumisioaren parkean amaitu da, Iruñeako kartzela zaharra zegoen orubean.
Bertan, Aitor Balbas intsumisoak eta Argiñe Salanueva mugimendu antimilitaristako kideak adierazpena irakurri dute. Errusiaren inbasioa etetea, ukrainar eskualdeetako gutxiengoei errespetua, NATOk armak eta tropak bidaltzeari uzteko eta "sarraskian parte hartzeari uko egiten dioten" ukrainar eta errusiar desertoreen aterpe eskaerak onartzeko eskatu dute.
Era berean, elkartasuna adierazi diete "Ukrainan eta Errusian borroka bide odolgabeekin auto antolatzen direnei, desobedientzia zibila eta indarkeria eza prakikatzen dutenei, eta gerraren aurka azaltzeagatik errepresioa jasaten dutenei". Gainera, "Europa mailako babes sarea" sortzeko deia egin dute, "Ukrainako gerraren aurrean desobedientzia egiten dutenentzat".
Iragarri dutenez, "Espainiako eta Europako legeak desobedituko ditugu, gure etxeetan desertore errusiar eta ukrainarrak jasotzeko".
"Ez ezazue gure babesik espero gerra honetan", gaineratu dute, "gora intsumisioa, gora desertzioa" esanez bukatzeko.