Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Osalan, musukoaren erabileraz: "Ikusi behar da tokiz toki zer eta nola egin, eta horrek denbora eramango du"
Erakundeko lan osasuneko arduradunak azpimarratu du berez lan esparruan maskara ez dela nahitaezkoa, baina prebentzio arduradunek hala ebazten badute, "neurriak momentuz bete" beharko direla erantsi du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Aitor Gisasola Osalaneko lan osasuneko arduradunak aitortu duenez, Estatuko Aldizkari Ofizialean gaur argitaratutako dekretuak "oso argi" zehaztu du lantokietan, oro har, maskara derrigorrezkoa ez dela, baina erantsi du prebentzio arduradunek arriskuen "ebaluazioa" eginda, "arduraz erabiltzeko gomendioa eman eta agian, nahitaezkotasuna ezar" dezaketela. "Ikusi behar da tokiz toki zer eta nola egin, eta horrek denbora eramango du", aitortu du.
Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Gisasolak aipatu du hainbat faktoreri erreparatu behar zaiela, hala nola, bulegoaren "aireztapena, okupazio maila, eman beharreko denbora edota zelango erabilera ematen zaien espazio komunei". Horiek aztertuta ezarritako "neurriak momentuz bete" beharko direla azpimarratu du, "eta gero ikusi noraino egokitzen diren eta noraino ez; egoera berri honetara egokitu beharko dira", gaineratu du.
Gogorarazi duenez, osasun zentro eta zerbitzuetako eta adinekoen egoitzetako langileek eta garraiobideetako gidariek nahitaez jantzi beharko dute musukoa lanean daudenean.