Gizartea -
KORONABIRUSA
"Zero covid" estrategiadun herrialdeetako biztanleen buru osasuna hobea izan da, "The Lancet"en arabera
Egileek uste dute neurri goiztiarrak eta espezifikoak ezartzeak, nazioarteko bidaiak murrizteak eta kontaktuak arakatzeak, adibidez, heriotzak murriztu ditzakeela, birusaren hedapena geldiarazteko neurri sozial murriztaileagoak ezarri gabe.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Covid-19aren pandemiari aurre egiteko herrialdeek erabili dituzten bi estrategia nagusiak alderatuta, birusa murrizketekin kontrolatu nahi izan duten herrialdeetako biztanleek osasun mental edo buru osasun okerragoa izan dutela ondorioztatu dute ikertzaileek.
The Lancet Public Health aldizkari zientifikoan argitaratutako artikuluan jasotzen denez, bi ikerketeko konbinatu dituzte ikertzaileek ondorioak ateratzeko: batetik, Oxford Unibertsitateko covid-19ari buruz Gobernuek emandako Erantzunen Arakatzailetik ateratako datuak; eta, bestetik, Imperial College London-YouGov covid-19 Behaviour Tracker inkestan ondoez psikologikoari buruz jasotako datuak.
Inkestaren datuak 15 herrialdetan jaso ziren 2020ko apiriletik 2021eko ekainera bitartean. Herrialdeak bi kategoriatan sailkatu ziren: Covid-19aren transmisioa ezabatu nahi zutenak (zero covid) eta herrialde barruan birusaren hedapena arindu edo murriztu nahi zutenak.
Aztertutako "zero covid" estrategiadun herrialdeak hauek izan ziren: Australia, Japonia, Singapur eta Hego Korea. Estrategia 'ezabatzailea' deitu diete.
Covidaren transmisioa "arindu" nahi izan zutenen artean, berriz, Alemania, Kanada, Danimarka, Espainia, Finlandia, Frantzia, Italia, Norvegia, Herbehereak, Erresuma Batua eta Suedia hautatu zituzten.
Ikerketaren arabera, "zero covid" estrategiadun herrialdeek neurri goiztiarrak eta espezifikoak aplikatu zituzten, nazioarteko bidaietarako murrizketak, esate baterako, eta horrek "covid-19 kutsatze gutxiago, heriotza gutxiago eta osasun mentalean inpaktu negatibo gutxiago eragin zituen, "transmisioa arintzea" helburu zuten herrialdeekin alderatuta".
Azken herrialde horiek ez ziren horren zorrotzak izan bidaiekiko eta, aldiz, gehiago jo zuten distantzia fisikoa, bilera murrizketak eta etxeratze aginduak ezartzera.
"Neurri horiek gizarte-harremanak murrizten zituzten, eta ondoez psikologiko handiagoarekin, bizitzaren balorazio txikiagoarekin eta Gobernuarekiko iritzi okerragoarekin lotzen ziren inkestetan, zero covid estrategiadun herrialdeetako biztanleen sentsazioekin alderatuta", ondorioztatu du ikerketak.
"Luze eta zabal eztabaidatu izan da gobernuek, oro har, covid-19aren pandemiari emandako erantzunen inguruan. Lehen begiratuan, badirudi herrialde 'ezabatzaileek' beste herrialde batzuek baino estrategia gogorragoak erabili zituztela, nazioarteko bidaien debekuek komunikabideetan izan zuten oihartzuna ikusita. Baina, egia esan, euren mugen barruan, herrialde horietako biztanleek 'transmisioa arintzeko estrategia' zerabilten herrialdeetako biztanleek baino askatasun gehiago eta murrizketa gutxiago izan zituzten, oro har", dio ikerketaren liderrak, Kanadako Simon Fraser Unibertsitateko Lara Akninek.
Ikerketaren egileek iradokitzen dute, gainera, "zero covid" estrategian, diagnostiko probak egoki erabiliz eta kontaktuak arakatuz, heriotzak gutxitu daitezkeela, birusaren hedapenari eusteko neurri murriztaileagoak erabili gabe.
Ikertzaileen arabera, pandemia geldiarazteko politika eraginkorrekin batera, estrategiak eta baliabideak erabili behar dira osasun mentalean izan daitezkeen ondorio kaltegarriei aurre egiteko.
Etorkizunean etor daitezkeen pandemien aurrean, ikertzaileek iradokitzen dute gobernuek lehentasuna eman beharko lieketela birusaren transmisioa murriztu baina eguneroko bizitzan murrizketa gutxiago ezartzen dituzten politikei, hala nola, barne-bidaiak mugatuz, jendearen arteko bilerak mugatu beharrean.