Gizartea -
OSTALARITZA
"Covid terrazak" mantenduko dituzte Gasteizen
Iruñean ere sanferminak bitarte eutsi diote baimenari, eta Bilbon eta Donostian, aldiz, bertan behera uztea erabaki dute. Gainera, ordenantza berri bat onartu du Udalak, mahaitxo iraunkorrak jartzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gasteizko Udalak erabaki du pandemiaren ondorioz kaleetako galtzadetan salbuespen gisa baimendutako terrazak bere horretan mantentzea. Halaber, ordenantza berri bat onartu du espazio publikoan finkatutako mahaitxo iraunkorrak jartzeko.
Gasteizek ez bezala, Bilbok eta Donostiak terraza horiek bertan behera uztea erabaki dute. Iruñean, baina, ezohiko baimen horiek San Fermin jaietara arte luzatzea erabaki da.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak astelehen honetan hedabideei adierazi dienez, pandemian zehar ezarritako neurri asko mantenduko dituzte ostalaritzari irteera bat emateko. Jakinarazi duenez, ordenantza berriak "eskaera historikoetako" bat jasotzen du, hau da, espazio publikoan modu iraunkorrean mahaitxoak jartzeko aukera.
Trafiko gutxi dagoen kaleetan eta eraikinetako arkupeetan ere terrazak jartzeko aukera izango dute ostalariek hirian, baita mahaitxoak jartzeko espaloi estuak dituzten kaleetan ere.
Alkateak azaldu duenez, Gasteizen hartutako neurriek nolabaiteko "oreka" eta erantzuna emango diete covid-aren eragin handia izan duen sektore baten eskariei.