Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon batek bikotekidea hil du Kordoban
Polizia hildako emakumearen bikotekidearen bila ari da, ustezko hiltzailea delakoan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Genero Indarkeriaren aurkako Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak azken orduetan baieztatu du "hilketa matxista" gisa ikertzen ari dela Kordobako Montemayor udalerrian asteburuan gertatu den erailketa. Baieztatuko balitz, urtea hasi denetik Andaluzian izandako bigarren hilketa matxista litzateke eta Estatuan izandako hamabosgarrena.
Erasoa larunbatetik igandera bitarteko goizaldean gertatu zen. Emakumea errepide bazter batean aurkitu zuten, larri zaurituta.
Bertaratu ziren osasun langileek egiaztatu ahal izan zuten emakumeak arma zuri batekin bateragarriak ziren zauriak zituela eta Kordobako ospitale batera eraman zuten. Emakumea atzo eguerdian hil zen.
Polizia hildako emakumearen bikotekidearen bila ari da, ustezko hiltzailea delakoan.
Bestalde, Montemayorreko Udalak elkarretaratze isila deitu du eguerdian hilketa matxista gaitzesteko.