Itxi

Gizartea

OSASUNA

Oncomatryx euskal enpresak ekainean hasiko ditu tumore metastasikoaren aurkako botikaren saiakuntza klinikoak

EITB MEDIA

Zortzi ospitaletako 150 gaixotan probatuko da, tartean Donostiako Onkologikoan eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalean. Enpresaren sortzaileak adierazi duenez, dena ondo bidean, sendagaia lauzpabost urte barru merkatuan eskuragarri egon liteke.

01:01
Oncomatryx enpresaren egoitza. Argazkia: EFE.

Oncomatryx euskal enpresa biofarmazeutikoak ekainean hasiko ditu saiakuntza klinikoak OMTX705 botikarekin. Pankreako, biriketako eta bularreko minbizi hirukoitz negatiboko tumore metastasiko inbaditzaileei aurre egiteko garatu da, tratamendu eraginkorrik ez dutenentzako, alegia.

Guztira 150 gaixorekin probatuko da botika. Saiakuntzak Espainiako zazpi hospitaletan egingo dira, tartean Donostiako Onkologikoan. Ameriketako Estatu Batuetan berriz, Harvardeko Beth Israel ospitalean egingo dira entseguak (uztailean hasiko dira).

Laureano Simon Oncomatryx enpresa biofarmazeutikoaren sortzaileak eman du horren berri astelehen honetan, Zamudion, enpresak duen egoitzan egindako agerraldian. "Une zirraragarria" dela adierazi du, 15 urteko ikerketen emaitza baita. Gaineratu duenezepe horretan 35 milioiko gastua egin dute.

Duela egun gutxi AEBko eta Espainiako sendagaien agentzien baimenak lortu ondotik hasiko ditu Oncomatryxek entseguak; izan ere, animalietan emaitza bikainak lortu dituela eta, oniritzia eman zuten biek ala biek.

Oncomatryxek diseinatutako tumore pankreatikoaren aurkako terapiak lehen aldiz jarduten du haren inguruko zelulen aurka, eta ahalmen handia du biriketako eta bularreko gaixotasun metastasikoak sendatzeko, beste organo batzuren artean. Simonek nabarmendu duenez, "minbizi inbasore bati erasotzeko bide berri bat irekitzen du", eta albo-ondorio txikiak ditu.

Botika merkatuan merkaturatzeko aurreikusitako epeei buruz galdetuta, Simonek esan du emaitzak "onak" badira bi eta hiru urte bitartean, lau edo bost urte barru merkatuan eskuragarri egon litekeela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena