Gizartea -
Gaixotasunak
Tximino baztanga 60 kasu baino gehiago baieztatu dituzte Europan
Espainiako Estatuan, bederatzi erkidegok kasu susmagarriak atzeman dituzte dagoeneko, Osasun Ministerioak horietako 20 baieztatu dituelarik. Portugalek 37 zenbatu ditu, eta Erresuma Batuak 56.
Agentziak | EiTB Media
Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Europako Zentroak (ECDC) tximino baztanga 67 kasu zenbatu ditu bederatzi herrialdetan: Austria, Belgika, Frantzia, Alemania, Italia, Herbehereak, Portugal, Espainia eta Suedian.
Hala ere, tximino baztanga "pertsonen artean ez da erraz kutsatzen", ziurtatu du Europako erakundeak ohar batean. Transmisioa gertatzeko, pertsona kutsatu baten azaleko zaurien materialarekin, aurrez aurre denbora luzez arnas tantatxoekin edo fomiteekin kontaktu estua izan behar da.
Espainiako Estatuan, bederatzi erkidegok kasu susmagarriak atzeman dituzte dagoeneko, Osasun Ministerioak horietako 20 baieztatu dituelarik. Beste 16 sekuentziazio behin betiko emaitzen zain daude.
Valentziak eta Aragoik balizko hiru kasuren berri eman dute astelehen honetan; Euskadi, Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Extremadura eta Galiziak ostiralean gauza bera egin ondoren. Kanariar Uharteak eta Madrilek lehen positiboak baieztatu dituzte jadanik.
Bestalde, Portugalen 37 kutsatu baieztatu dituzte, azken orduetan 14 atzeman ondoren. Osasun agintariek kasuek gora egitea ez dute baztertzen, lagin gehiagoren emaitzen zain daudelako.
Erresuma Batuan, beste 36 positibo baieztatu dituzte, guztira, 56, bertako Osasun Segurtasun Agentziak jakitera eman duenez.
Eskoziak lehen kasuaren berri eman du gaur; Ipar Irlandak, ostera, ez du batere zenbatu orain arte.
Azkenik, tximino baztangaren inguruko txosten eta adierazpen publiko batzuek "estereotipo homofobo eta arrazistak" indartzen dituzten hizkuntza eta irudiak (LGTBI+ pertsonen edo afrikarrak) erabili dituztelako kezka azaldu du ONUSIDAk, "estigma areagotzen" dutelako, baita osasun publikoa "arriskuan" jarri ere.