Gizartea -

BARAKALDO

Aldundiak espedientea irekiko dio Arrotengiko zubiaren sarbidean lanean ari den enpresari

Barakaldoko sarbidea eta Arrontegiko zubirako irteera lau orduz itxita egon dira goizean, hainbat farola erori direlako errepidera. Duela egun gutxi, zubi baten zatiak jausi ziren, pertsona bat zauritu zen eta zirkulazioa moztu behar izan zuten.

Arrontegiko zubiaren azpian kamioiak eramandako faroletako bat. Argazkia: Iker Salgado
Arrontegiko zubiaren azpian kamioiak eramandako faroletako bat. Argazkia: Iker Salgado
Arrontegiko zubiaren azpian kamioiak eramandako faroletako bat. Argazkia: Iker Salgado

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko sarbidea berriro ireki du Barakaldoko Udaltzaingoak hainbat orduz itxita egon ondoren, Bizkaiko Foru Aldundia errepide sareko puntu horretan erreiak zabaltzeko egiten ari den lanetan hainbat farola erori ondoren, Udalak jakinarazi duenez. Halaber, obra horretaz arduratzen den enpresari espedientea irekiko diotela iragarri dute, hamabost egunetan bi istripu izan direlako.

Ezbeharra 9:30ak aldera gertatu da, kamioi bat zubiaren behealdean solte zegoen zuntz optikozko kable batekin katiatu denean. Gertakariak, baina, ez du inolako kalte material edo pertsonalik eragin. Hori bai, autobiatik eta Lutxana auzotik Barakaldorako sarbidea eta Arrontegi zubirako irteera itxi egin behar izan dituzte. Hala, Lutxanatik bakarrik sar zitekeen Errontegira.

Obrako langileak inguru horretan lanean aritu dira trafikoari eragin ziezaioketen farolak kentzeko edo finkatzeko, eta errepidera eroritako kableak altxatzeko. Izan ere, horren ondorioz, tarteren batean errei guztiak itxi dituzte bai ibilgailuentzat, baita oinezkoentzat ere. Zirkulazioa 13:30ean bueltatu da normaltasunera.

Bi astetan lan horien inguruan gertatzen den bigarren ezbeharra da; izan ere, duela egun gutxi, Arrontegirako sarbidean zubi baten zatiak errepidera erori ziren eta zauritu bat eta trafikoan mozketak eragin zituen.

Gauzak horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du espedientea irekiko diola obra horren ardura duen TECSA enpresari, irregulartasunik egin ote duen eta eragindako kalteak ordaindu behar dituen egiaztatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilbo Bizkaia Barakaldo Gizartea Bilbo erdialdeko sarbidea Eguneko albisteak Albisteak