Gizartea -

SEXU-ERASOA

Herriko jaietako azken gauean gertatutako sexu-erasoa gaitzetsi du Beasaingo Udalak

Hala, biktimari elkartasun osoa heralarazi eta Beasaingo Asanblada Feministak arratsaldeko 19:00etan Erauskin plazan antolatu duen elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beasaingo Udalak herrian igande goizaldean emakume baten aurka izandako sexu-erasoa gaitzetsi du eta elkartasun osoa adierazi die biktimari eta haren senideei eta hurbilekoei. Era berean arratsaldean Erauskin plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.

Ertzaintza herriko Lointz jaien azken gauean gertatutako sexu-erasoa ikertzen ari da. Sexu erasoa igande goizaldean jazo zen, Zaldizurrieta plaza inguruan eta biktima Zumarragako Ospitalean artatu behar izan zuten.

Udalak gogoratu du jaien inguruan "denak ez duela balio" eta argi utzi zuela jaien atarian askatasunean, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako jai eredua nahi zuela.

Zabaldutako ohar batean Udala osatzen duten talde guztiek azpimarratu dutenez, "sexu-erasoak pertsonen askatasunaren kontrako eraso zuzenak dira, pertsonen duintasunaren aurkakoak". Hala, uste du onartezina dela erasotzaile batzuk, jaia inpunitate gune bilakatu nahi izatea, esparru hauetan erasoan jarraitzeko.

Era berean gizarteari gertakari horiei aurre egiteko konpromiso aktiboa eskatu diote. Horregatik, eta eraso "anker" hori salatze aldera, Beasaingo Udalak, Asmube eta Oriako Lamiak elkarte feministek bezala, bat egiten du Beasaingo Asanblada Feministak gaur arratsaldeko 19:00etan Erauskin plazan egingo den elkarretaratzearekin eta herritarrei ere parte hartzera deia luzatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Gipuzkoako albisteak Gizartea bideoak Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Sexu erasoak