Gizartea -
Bizkaia
Amaren heriotzarekin zerikusia duelakoan Barakaldon atxilotutako gizona espetxera bidali dute
Atxilotua epailearen esku utzi dute eguerdian, eta epaileak kartzelaratzeko agindua eman du.
EiTB Media
Bere amaren heriotzarekin zerikusia duelakoan ostegunean, Barakaldon (Bizkaia), atxilotutako 53 urteko gizona espetxera bidali dute ostiral honetan. Atxilotua epailearen esku utzi dute eguerdian, eta epaileak kartzelaratzeko agindua eman du, Ertzaintzak ohar batean azaldu duenez.
Antza denez, emakumea arrazoi ez naturalengatik hil zen Gurutzetako Ospitalean. Lehen unean, ospitalean, artatu zuten osasun langileek indarkeria zantzuak ikusi zituzten emakumearen gorputzean, eta ondoren auzitegiko medikuak berretsi ditu.
Emakumea apirilaren 26an hil egin zen.
Barakaldoko instrukzio-epaitegi batek prozedura zabaldu eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. Adinekoak erorikoa izan zuela azaldu zuen semeak, baina emakumearen lesioak eroriko baten ondorio ez zitezkeela izan ondorioztatu zuten.
Gainera, biktimak hasieratik beharrezko arreta jaso ez zuela egiaztatu ahal izan dute ikertzaileek. Ospitalera eraman zutenerako bere egoera oso larria zen.