Gizartea -

HEZKUNTZA

Espainiako Gobernuak erkidegoekin aztertuko ditu Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio berriaren aukerak

Unibertsitatera sartzeko proba berriaren behin betiko zirriborroa uztailean onartuko du Espainiako Gobernuak, eta 2024ko udan ezarriko dute.

Ikasleak aurtengo azterketan. Argazkia: EITB Media.
Ikasleak aurtengo azterketan.
Ikasleak aurtengo azterketan. Argazkia: EITB Media.

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak esan du Espainiako Gobernuak "aukera eta alternatiba guztiak" baloratuko dituela hezkuntza arloan eskumena duten lurraldeekin Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoko Ebaluazio berria adosteko. Ildo horretan, "unibertsitateen eta autonomia erkidegoen eskumenak errespetatuko dituen, baina gainerako probetan homogeneotasun handiagoa baloratuko duen" ereduaren alde egingo dutela adierazi du.

Alegriak adierazpen horiek egin ditu kazetarien galderei erantzunez. Hori baino lehen, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarekin batera, Donostiako Kursaal Jauregian, WFCP 2022 Lanbide Heziketari buruzko Nazioarteko Kongresuaren inaugurazioan parte hartu du.

Etorkizuneko probari dagokionez, "datorren urtean Batxilergoko lehen mailan matrikulatzen diren ikasleei eragingo die, hau da, 2024ko udan aplikatuko den selektibitatea izango da", azaldu du.

"Orain entzute aktiboko prozesu batean gaude. Adi gaude errektoreen konferentziari eta Hezkuntzako dekanoei eta autonomia-erkidegoei, eta zirriborro ezberdinak planteatzen ari gara", adierazi du.

Adierazi duenez, "uztailean" zirriborro bat "behin betiko" onartzea da asmoa. "Interes handienarekin begiratzen ari garen eredua unibertsitateen eta autonomia erkidegoen eskumenak erabat errespetatzen dituena da, baina gainerako probetan homogeneotasun handiagoa baloratzen duena", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza