Gizartea -

Hezkuntza

Jaurlaritzak itunpekoen hitzarmena berritu du, eta ikasgelak osatzeko ratioak jaitsi ditu

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak nabarmendu duenez, itunak "gizarte testuinguru berrira egokitzea" du helburu. Agindua datorren ikasturtean sartuko da indarrean eta datozen seietan aplikatuko da.

Bildarratz Hezkuntza sailburua, gobernu bileraren osteko agerraldian. Argazkia: EITB Media
Bildarratz Hezkuntza sailburua, gobernu bileraren osteko agerraldian.
Bildarratz Hezkuntza sailburua, gobernu bileraren osteko agerraldian. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak EAEko ikastetxe pribatuentzako hezkuntza itun berria onartu du gaurko gobernu bileran. Itunak, 2027-2028 ikasturtera arte indarrean egongo denak, hainbat aldaketa jaso ditu "gizarte testuinguru berrira egokitzeko", batez ere jaiotze tasaren jaitsierari aurre egiteko. Besteak beste, talde bat ituntzeko gutxieneko ikasle kopurua murriztu du Hezkuntza Sailak (Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 17tik 13ra jaitsita) eta gelak bikoizteko erraztasunak eman ditu.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak itunaren berrikuntzak azaldu ditu gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Datorren ikasturterako (2022-23) 679,3 milioi bideratuko dituzte, aurreikusita dauden gela kopurua aintzat hartuta. Dena dela, "hezkuntza-itunetan izan daitezkeen aldaketei dagokienez, kopuru hori ere aldatu" daitekeela onartu du Bildarratzek. 

Bost dira aldaketa nagusiak, sailburuaren hitzetan. Lehenik, talde bat ituntzeko gutxieneko ikasle kopurua murriztuko dute Haur eta Lehen Hezkuntzan (etapa hasieran), eta 17 ikasletik 13ra jaitsiko dute. Gainera, udalerrian gela bakarra bada, taldea 11 haurrekin osatuko da. Halaber, gelak bikoizteko erraztasunak emango dizkiete: 26-27 ikaslerekin, bigarren irakaslea (ko-dozentzia) ezarriko da, eta 28 ikasletik aurrera, gela bikoiztu ahalko da (orain arte 34rekin egiten zen). Hezkuntza Konplexutasunaren Indizeko (HKI) ikasle kopuru jakin bat duten ikastetxeetan, honakoak izango dira baldintzak: zortzi ikaslerekin osatuko da taldea Haur Hezkuntzan (HH) eta Lehen Hezkuntzan (LH), eta 12rekin DBHn. Ratioei dagokienez, HH2n 18 ikaslekoak izango dira; HHn eta LHn, 23koak, eta DBHn, 25ekoak. Azkenik, Hezkuntza Laguntzako espezialistak eta Eskolatze osagarriko programak ere itunduko dituzte.

Ikastolen elkartearen kritikak

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak egindako kritikei buruz itaundu diote kazetariek Bildarratzi. Tellituren arabera, ikasgelak ituntzeko lege berriak "ikastola txikien biziraupena" arriskuan jarriko du.

Hezkuntza sailburuak ez du ika-mikan sartu nahi izan. "Agian ez dute ondo ulertu, edo ez diegu ondo azaldu", aitortu du. Azpimarratu duenez, patronal "gehienekin sintonia ona" du Sailak (ez du, ordea, izenik aipatu). Hala, elkarrizketarako bidea aldarrikatu du. "Prest gaude guztiekin esertzeko. Baldintzak ezin hobeak dira, ulertzen dugulako zein egoeratara goazen, eta, aipatu dudan bezala, prest gaudelako Ikastolen Elkartearekin hitz egiteko; baina ez bakarrik hori, beharrezkoa bada, banan-banan bilduko gara ikastola eta ikastetxeekin azaltzeko zein den agindu honen esanahia".

Hain justu, Ikastolen Elkarteak bilera batera deitu ditu sareko zentro guztiak, eta bertan aztertuko dute Jaurlaritzak gaur onartu duen hezkuntza itun berria.

OPUSeko ikastetxeak

Kazetarien galderei erantzunez, sexu segregazioa egiten duten OPUSeko ikastetxeei dirulaguntza kentzeko aukera mahai gainean dutela argitu du Bildarratzek, baina zehaztu du, aldaketarik egotekotan, 2023-2024 ikasturtean izango litzatekeela, datorren ikasturteko baldintzak 2022ko urtarrilean indarrean zegoen itunaren araberakoak direlako (orduan egin ziren-eta matrikulak).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Euskal Eskola Publikoa albisteak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Hezkuntzako albisteak 2024