Gizartea -

URBIAKO FONDA

Peio Bilbao: "Aurrekoek listoia oso altu utzi dute Urbiako fondan, eta bide horri eustea da gure asmoa"

Naturazaleak biak, Urbiaren magiak erakarrita iritsi dira Peio Bilbao eta Naiara Romatet fondaren negozioa euren gain hartzera, ia oharkabean iritsi ere. Aurrekoen bideari eustea dute helburu, baina euren arrastoa ere utzi nahi dute.

Naiara Romatet eta Peio Bilbao, Urbiako fondaren kudeatzaile berriak.
Naiara Romatet eta Peio Bilbao, Urbiako fondaren kudeatzaile berriak.
Naiara Romatet eta Peio Bilbao, Urbiako fondaren kudeatzaile berriak.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urbiako fondak kudeatzaile berriak behar zituela jakin zutenean, ez zuten bi aldiz pentsatu Peio Bilbao elgetarrak eta Naiara Romatet azkoitiarrak. Baserritik bizi da Bilbao  —txerri haztegia du Elgetan— eta aspalditik zebilkien buruan lan osagarri bat bilatzea. Pentsatu eta egin. Gipuzkoako eta Arabako Partzuergora jo zuten informazio eske, eta hortik aurrera, ia ohartu gabe, fondako kudeatzaile berriak izatera iritsi dira.

Ilusioz helduko diote ardura berriari, baina urduritasuna ezin dute ezkutatu, "jakin badakigu eta, aurrekoek listoia oso altu utzi dutela fondan". Bide horri eustea dute helburu, "berrikuntza txikiren bat" sartuta. Hala aitortu dio Bilbaok eitb.eus-i: "Poza eta kezka, biak nahastuta ditugu oraintxe bertan. Badakigu aurrekoek utzitakoari eustea ez dela erraza, baina horretan ahaleginduko gara. Betiko eskaintzari eutsiz, geure ukitua eman nahi diogu. Neu txerri hazlea izanda, Basatxarri produktuak ere eskainiko ditugu".

Aurrez ibilia da ostalaritzako lanetan Bilbao, eta alde horretatik, ez dauka lan berriari heltzeko beldurrik. Baserriko lanekin uztartuko du fondaren kudeaketa. Bere hitzetan, lan biak "bateragarriak" izan zitezkeela ikusi zuenean erabaki zuen proiektu berriari ekitea. Naiara Romatet, berriz, ingeniaria da, eta horrek ere, bere ofizioari eusteko asmoa du. Asteburu eta jai-egunetan joango da Urbiara.  

Irekiera ofizialerako data jarri dute: uztailak 31, San Inazio eguna. Halere, aurrez zabalduko dituzte ateak, "ohitzen eta ikasten joateko". "Kolpera, San Inazio egunean irekitzea, aurrez probatu gabe, erokeria litzateke", gehitu du Bilbaok.

Fondaren kudeatzaile berriak izango zirela jakin zutenetik, "handik atera gabe" dabiltza, aurrekoen laguntzarekin. "Oso eskertuak gaude aurrekoengandik jasotzen ari garen laguntzarekin. Oso jatorrak dira eta sekulako pazientziarekin ari dira dena erakusten".

Azaroaren 1era bitarte egunero —astelehenetan izan ezik— egongo da zabalik Urbiako fonda, eta hortik aurrera, asteburu eta jai-egunetan bakarrik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal mendiak albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Oñati bideoak Gaurko azken orduko albistea Ingurumena Debagoiena Aizkorri mendia