Gizartea -

'Shangaiko rankinga'

EHU munduko 200 unibertsitate onenen artean dago zazpi diziplinatan

'Shangaiko rankinga' izenez ezaguna den klasifikazioaren arabera, euskal herriko unibertsitatea munduko 500 unibertsitate onenen artean dago 27 diziplinatan.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHUko zazpi espezialitate akademiko munduko 200 onenen artean daude Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitatearen urteko txostenaren edizio berrian. 'Shanghaiko rankinga' izenez da ezagunagoa, eta urtero munduko 500 unibertsitate onenak ezartzen ditu argitalpen horrek.

Edizio honetan, EHU 150 unibertsitate onenen artean agertzen da hiru espezialitate akademikotan: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa eta Kimika. Hori dela eta, hiru diziplina horietan nabarmendu den Espainiako Estatuko lehen unibertsitatea da.

Beste lau diziplinatan ere 200 onenen artean dago: Elikagaien Zientzia eta Teknologia; Materialen Zientzia eta Ingeniaritza; Nanozientzia eta Nanoteknologia; eta Matematika, lehen aldiz 200 onenen zerrendan sartu dena.

Espezialitate aipagarri horiez gain, EHUk oso postu garrantzitsuak lortu ditu Telekomunikazioen Ingeniaritzan; Energiaren Zientzia eta Ingeniaritzan; Farmazia eta Farmazia Zientzietan; eta Komunikazioan (munduko 300 unibertsitate onenen artean).

Beste hamabi espezialitate (Fisika; Nekazaritza Zientziak; Ingurumen Zientzia eta Ingeniaritza; Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Zientzia Biologikoak, Osasun Publikoa, Zientzia Politikoak; Zientzia eta Ingeniaritza Informatikoa; Ekologia; Ekonomia eta Psikologia), 400 onenen artean; eta lau diziplina gehiago (Hezkuntza, Lurraren Zientziak, Zientzia Biometrikoak eta Kudeaketa –Management–), 500 onenen artean.

Eva Ferreira EHUko errektoreak azpimarratu duenez, txosten horretan argitaratutako datuek "gurea unibertsitate sendo bat dela erakusten dute, dinamiko eta hobetze prozesu jarraian".

" Zoriontzekoa da lehen 200 onenen artekoak zazpira igo izana, Matematika ere sartu baita, eta munduko 500 unibertsitate onenen artean egotea Telekomunikazio Ingeniaritzan (300 onenen artean), Ekonomia eta Psikologian (400 onenen artean), besteak beste", gaineratu du.

Balioetsi du, halaber, jakintza-arlo guztiak daudela ordezkatuta irakasgaien espektro zabalean, eta horrek unibertsitatearen izaera orokorraz ez ezik, ikasgai guztietan ezartzen den autoeskakizun-mailaz ere hitz egiten duela.

'Shanghaiko ranking' gisa ezagutzen den sailkapena unibertsitate munduan onarpen handiena duen ebaluazio irizpideetako bat da, eta eragin handienetakoa du unibertsitateen nazioarteko proiekzioa ebaluatzeko orduan, EHUren arabera.

Sailkapen horrek munduko 500 unibertsitate onenak biltzen ditu, goi-mailako hezkuntzako 1.500 erakunde nagusiak aztertu ondoren, 20.000 baino gehiago daudela kalkulatzen den testuinguru global baten barruan.

EHU 2012an sartu zen munduko 500 unibertsitate onenen talde hautatuan, eta 2020ko ediziotik aurrera 400 onenen artean sailkatuta egon da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bizkaia Gipuzkoa Araba EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia