Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Pasaian gizon bat atxilotu dute bere emazteari mehatxu egin eta ibilgailu bat erre ondoren

38 urteko gizonak zenbait pertsona atxikitu ditu etxebizitza batean. Atxilotua polizia etxera eraman dute bidezko eginbideei hasiera emateko, eta, ondoren, Donostiako Guardiako Epaitegira eramango dute.

Atxilotuak erretako ibilgailua, Pasaian (Gipuzkoa). Irudia: EITB Media
Atxilotuak erretako ibilgailua, Pasaian (Gipuzkoa). Irudia: EITB Media
Atxilotuak erretako ibilgailua, Pasaian (Gipuzkoa). Irudia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 38 urteko gizonezko bat atxilotu du asteazken honetan Pasaian bere emazteari mehatxu egin, ibilgailu bat erre eta zenbait pertsona etxebizitza batean atxiki ondoren. Atxilotuari familia barruan egindako mehatxua, hertsapena eta kalteen ustezko zenbait delitu egotzi zaizkio.

Gertaerak goizaldeko hiruretan izan dira. Pasaiako auzoko batek kalean aparkatutako ibilgailu batek su hartu duela ohartarazi die Ertzaintzari eta suhiltzaileei hara bertaratu direnean. Suak hartutako ibilgailuaz gain, etxeko indarkeriaren ustezko gorabehera batekin zerikusia duen egoera bat antzeman dute, gizon batek zenbait pertsona etxe batean atxikita baitzituen.

Itxuraz, eraikinean bizi zen gizon batek bere emaztearekin eztabaida izan ondoren, kalera irten da eta bere bikotekidearen senide baten ibilgailu bati su eman dio. Ondoren, etxebizitzara itzuli, eta, bertara sartzeko asmoz, zerra erradial batez moztu du atea. Azkenik, etxebizitzara sartu ezin izan duenez gero, eraikineko beste etxebizitza batera joan da eta zenbait senide atxiki ditu barruan.

Gizona entregatu egin da, eta polizia etxera eraman dute bidezko eginbideei hasiera emateko, eta, ondoren, Donostiako Guardiako Epaitegira eramango dute.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan; beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Gipuzkoako albisteak Gizartea bideoak Indarkeria matxistaren biktimak Gaurko titularrak Pasaia Eguneko albisteak