Itxi

Gizartea

Emakumeen aurkako indarkeria

79 emakumek ziztadak salatu dituzte Baionako bestetan, bi adingabek Zarautzen eta beste hiru emakumek Algortan

T. S. J. | EITB MEDIA

Sumisio kimikoko gutxienez beste zortzi biktima izan dira Euskal Herriko hainbat udalerritan, hala nola, Santurtzin, Gasteizen eta Iruñean. Algortako jaietan hiru emakumek jasandako ziztadak salatzeko elkarretaratzea egin dute larunbat arratsalde honetan.

  • Sumisio kimikoko kasuak salatzeko pankarta. Argazkia: EITB MEDIA

    Sumisio kimikoko kasuak salatzeko pankarta. Argazkia: EITB MEDIA

Gutxienez 79 emakumek ziztada jasan dutela salatu dute Baionako bestetan (Iparralde), Prefekturak jakitera eman duenez. Iturri horren arabera, bart izan ziren 39 salaketa, horietatik 9 emakume Baionako ospitalera eraman zituzten, odol-analisietarako; osteguneko gauean, berriz, beste 24 kasu izan ziren; eta beste 16 festetako lehenengo gauean. 40 salaketa horietatik, bakarrik bi bideratu dituzte ospitalera.

Gainera, beste bi emakumek, kasu honetan bi adingabek, salaketa bera egin dute bart, hau da, Zarauzko kontzertu batean zeudela, ziztada eman dietela, Ertzaintzako iturriek baieztatu dutenez. Bi adingabeak Zarauzko osasun zentrora eraman zituzten odol-analisiak egitera.

Elkarretaratzea Algortan

Bestalde, Algortako jaietan hiru emakumek jasandako ziztadak salatzeko, eta Algortako Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek larunbat arratsalde honetan udalerri horretako Telletxe plazan. Ohar baten bidez Algortako Mugimendu Feministak azaldu duenez, "hiru emakumek osasun zerbitzuetara jo zuten ziztada bat nabaritu ondoren zorabio sentsazioa izan zutelako (…) Ordu batzuk geroago, gizon batek ere ziztada jaso izanaren abisua jaso genuen txosnagunean".

"Ziztatu ostean sumisio kimikorik gertatzen ez diren kasuak ere salatu nahi ditugu, emakumeok beldurtu eta jai eremuak guretzako seguruak ez diren espazio bihurtzeko. Ziztada, beraz, droga eraso bat baino askoz gehiago da", esan dute oharraren bitartez.

Elkarretaratzea Algortan. Argazkia: EITB MEDIA

Elkarretaratzea Algortan. Argazkia: EITB MEDIA

Gainera, Getxoko Udalaren oharrari ere erreferentzia egin diote. "Hemen elkartu gara testigantzak zalantzan jartzen ez ditugunok, erasotuen hitza eta mugimendu feminista zalantzan jartzen ez dugunok. Getxoko Udalak egin ez duen bezala", salatu dute mugimendu feministako kideek.

Amaitzeko, azpimarratu dute ez dutela "inolako erasorik onartuko" eta "irmotasunez salatzeko elkartu" direla.

Algortan izandako elkarretaratzearen irudietako bat. Argazkia: EITB MEDIA

Algortan izandako elkarretaratzearen irudietako bat. Argazkia: EITB MEDIA

"Ez da sumisio kimikoaren saiakerarik izan"

Algortako erasoen aurrean, Getxoko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "ez da sumisio kimikoaren saiakerarik izan" Algortako jaietan, "Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin datuak alderatu ostean".

Algortako jaietan salatutako hiru kasuetatik bakar bati egiten dio aipamena Udalak. "Ziztada jasan omen zuen emakumearen gorputzaren zonaldea aztertu zuten, eta ez zen ziztadaren arrastorik aurkitu", gaineratu du oharrean. Beste emakumeek salatutako ziztadaren inguruan Getxoko Udalak ez du xehetasunik eskaini.

Kasu gehiago

Sumisio kimikoaren bidezko emakumeen kontrako indarkeria kasu zenbaketa honetan, aurreko asteetan izandako beste 8 aipatu behar dira: 3 Gasteizen (horietako bat ospitaleratu behar izan zuten), 1 Santurtzin eta beste 4 Iruñeko sanferminetan.

Erasoak udako jaietan jazo dira gehienbat, edo gau aisialdirako lokaletan. Biktimak salatu dutenez, ziztada antzeman dute gorputzean eta, handik gutxira, zorabioak, egonezina, eta konortea galtzeko sentsazioa. Horietako batzuk ospitalera eraman dituzte, ziztada bidez sartu dieten substantzia identifikatzeko odol-analisia egin diezaieten.

Katalunia

Bestalde, Gironako lokal batean izandako beste ziztada kasu bat ikertzen dabiltza Esquadra Mossoek, emakumezko batek salaketa aurkeztu ostean.

Urtarriletik ekainera bitartean 288 kasu izan dira Katalunian: sumisio kimikoko 167 kasu eta ahaltasun kimikoko beste 121 beste kasu. Gainera, azken egunetan 17 salaketa aurkeztu dituzte.

Zer egin sumisio kimikoaren biktima bazara

-Gorputzaren edozein tokitan ziztada nabarituz gero, lagunak abisatu eta jakinarazi lokaleko segurtasun-arduradunei, Ertzaintzari edota Udaltzaingoari.

-Ez geratu inoiz bakarrik.

-Ospitalera edo osasun zentrora joan zaitez, bertan artatua izateko eta, odol-analisien bidez, balizko droga identifikatzeko.

-Salaketa aurkeztu ertzain-etxean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena