Gizartea -
Eguraldia
Euskal Herria abisu horian egongo da ostiralera arte
Beroaldiak lurralde guztiari eragingo dio: barnealdean, 36 °C-koak izango dira maximoak, eta 30 °C-tik gorakoak, kostaldean. Lurraldearen hegoaldean abisu horiak ostiralera arte luzatuko dira tenperatura altuengatik eta baso sute arriskuagatik.
agentziak | eitb media
Beroaldia dugu hizpide berriro ere, hirugarrenez uda honetan. Muturreko tenperatura altuak izango ditugu lurralde osoan, kostaldean zein barnealdean. Iragarpenari jarraiki, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horiak aktibatuko du gaur, tenperatura altuengatik eta baso sute arriskuagatik. Maximoak 38 gradura hel litezke Euskadiko barnealdean. Nafarroa osoa ere beroagatik abisupean jarri du Aemetek, eta Ipar Euskal Herrian alerta laranjara igo dute ohartarazpena.
EAEn, abisu horia aktibatuko dute gaur, 13:00etatik aurrera tenperatura altu iraunkorrengatik, Arabako Errioxan 35 graduko maximoak izan litezkeelako, eta 30ekoak, kostaldean. Segurtasun Sailaren arabera, eguerditik aurrera izango da nabariagoa beroa.
Halaber, beste abisu bat izango da indarrean, 14:00etatik aurrera, baso sute arriskuagatik. Azken abisu hori bihar arte luzatu dute.
Bihar, ostegunarekin, tenperaturek gora egiten jarraitzea espero da, ildo beretik. Aurreikusi dutenez, termometroak 38 gradura hel litezke Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, eta 32ra, kostaldean. Gainera, maximoak ez ezik, tenperatura minimoak ere altuak izango dira, 19-20 graduren bueltan egotea aurreikusi baitute.
Landarediaren lehortasunagatik, tenperatura altuengatik eta haizearen indarragatik aktibatuko dute baso sutea izateko arriskua, eta ostegun osoan zehar izango da indarrean.
Ostiralean ere beroa izango da protagonista nagusia. Arabako iragate-zona eta Ebro ondoko eskualdea abisu horian izango dira tenperatura altu iraunkorragatik egun osoan zehar, eta muturreko tenperatura oso altuengatik 10:00etatik 20:00etara. Gune horiek baso sutea izateko arriskuan jarraituko dute.
Nafarroan, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak lau abisu hori ezarriko ditu muturreko tenperatura altuengatik. 36 ºC-ko maximoak aurreikusi dituzte lurraldearen erdialdean, Erriberan eta Kantauri Isurialdean, eta 34 ºC-koak, Pirinioan. Ostegunean, egoera bertsuan egongo dira, eta, ostiralean, Erriberan eta Nafarroako erdialdean bakarrik egongo dira indarrean abisuak. Beroak eta hezetasun maila baxuak eraginda, baso sute arriskua "muturrekoa" da lurraldearen ipar-mendebaldean.
Meteofrancek alerta laranja aktibatuko du beroagatik Pirinio Atlantikoen Departamentuan (Ipar Euskal Herria tartean dago). Ekaitz arriskuarengatik ere abisupean egongo da eremua.