Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume batek pairatutako sexu-erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute asteartean Irunen
22 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, sexu-erasoa egotzita. Horri gaitzespena adierazteko elkarretaratzearekin bat egitera deitu du Irungo Udalak, eta emakumeari babes osoa adierazi dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakumezko batek pairatutako sexu-erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute Irunen (Gipuzkoa) datorren asteartean, hilaren 16an, Irungo Udalak jakitera eman duenez. Ertzaintzak 22 urteko gazte bat atxilotu du larunbat goiz horretan, sexu-erasoa egotzita.
Honen aurrean, Irungo Udalaren "gaitzespen irmoena" adierazi du Jose Antonio Santano alkateak ohar baten bidez, eta elkartasun osoa helarazi dio erasoa jasan duen emakumeari.
"Gertatutakoa deitoratzen dugu, eta horren aurrean gure gaitzespenik irmoena agertu. Ez dago eskubiderik horrelako erasoak jasan behar izateko. Justifikaezinak dira, errefusatu behar ditugu eta sendo salatu. Delitu hauekiko tolerantziarik ez", adierazi du.
Horren harira, sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratzea izango da datorren asteartean, hilaren 16an, 12:00etan, San Juan plazan. "Erakundeen eta herritarren gaitzespena funtsezkoa da, delitu horiek egiten dituztenen isolamendua sendotzeko. Basakeria horiei aurre egiteko indartsuago gara guztiok elkarrekin", gaineratu du alkateak.