Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Goia: "Donostia ez dago gainezka"
Donostiako alkateak aitortu du, dena den, "nabarmena" dela "beste leku batzuetan ostatu hartuta dauden eta egunez Donostiara joaten diren bisitarien presentzia".
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu duenez, "Donostia ez dago gainezka", nahiz eta turista kopuru handia atzeman duten aurten. Alkateak bi kontu ezberdindu ditu: batetik, hiriburuan ostatu hartuta dauden turista kopurua, eta bestetik, "beste leku batzuetan ostatu hartuta dauden eta egunez Donostiara joaten diren bisitariena". Azken horri buruz, aitortu du "presentzia nabarmena" dela, baina horren iritzian, bi urteko pandemiaren ostean "mugikortasun izugarria"ren ondorio da. "Aurtengoa apartekoa da, leku guztiak nahiko beteta daude", azpimarratu du.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Donostiako Aste Nagusiaren bigarren gauaz ere mintzatu da. Jakinarazi du gazte bati labanaz eraso diote bart Kontxako pasealekuan. Ertzaintzak gerora zehaztu du ustezko erasotzailea atxilotu dutela jada.
Goiak erantsi du jaien bigarren gauean ez dela ziztadengatik edota eraso matxistengatik beste salaketarik izan. Atzo bikotekideak sastatutako emakumeari buruz esan du ez dagoela berrikuntzarik eta biktimak larri jarraitzen duela.
Ildo horretan, adierazi du bera, alkate eta gizon moduan, ezin duela jasan "biztanleriaren erdiak jaiez gozatu ezin izatea". "Gizonoi nazka eman beharko liguke, eta konpromisoa hartzera bultzatu", azpimarratu du. Horren iritzian, "Donostiako Udalak eraso sexistei erantzuteko duen segurtasun dispositiboa nahikoa eta zabala da, leku oso jendetsuetan zentratu garelako. Horren erakusle da abusuengatik izandako salaketa bakarrean ustezko erasotzailea berehala atxilotu dugula". Ziztaden auzian, aldiz, aitortu du jardutea "zaila" dela, erasoak gertatzen diren lekuak "jendez lepo" daudelako eta "segundo batean" gertatzen direlako.
AHTaren Donostiako geltokiko lanek "atzerapenen bat" dutela azaldu du, "zenbaterainokoa" den argitzerik izan ez badu ere. "Hori bai, argi dut Euskadiko lehena izango dela. Gustatuko litzaidakeena da Hendaiarainoko hirugarren lerroa martxan jartzea. Bizpahiru urtean errealitate izango da", esan du.
Azkenik, energia aurrezteko Espainiako Gobernuak ezarritako dekretua hizpide, "zarata gehiegi" eta "ekarpenik egiten ez duten eztabaidak" sortzen ari direla deitoratu du. "Arazo bat daukagu, eta udatik bueltan zailtasunak izan ditzakegu eta denon eginahalak beharrezkoak izango dira", azpimarratu du. Eraikin publikoen argiztapenari buruz, jakinarazi du Udaltzaingoa azterketa bat egiten ari dela elementu apaingarrien inguruan. "Batzuk apaintzeko baino ez dira, baina beste batzuk segurtasun publikoaren funtzioa ere egiten dute. Lehenengoak itzali egingo ditugu, dekretuari jarraiki, baina bigarrenak piztuta utziko ditugu, segurtasuna bermatzen dutelako", azaldu du.