Gizartea -
Indarkeria matxista
Irungo Udalak larunbateko sexu erasoa salatu eta "egiturazko arazo" baten ondorio dela gogorarazi du
Elkarretaratzea deitu dute gaurko, San Juan Plazan. Udalaren hitzetan, "emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia".
Agentziak | EITB MEDIA
Irungo Udalak adierazpen instituzionala onartu du larunbatean herrian jazotako sexu erasoa salatu eta gaitzesteko. Azpimarratu duenez, erasoa "ez da gertakari isolatua, eta egiturazko arazo bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia".
Erasoa larunbat goizaldean izan zen Irungo aparkaleku batean. Handik gutxira ustezko erasotzailea, 22 urteko gizonezkoa, atxilotu zuen Ertzaintzak.
Udalak eraso matxista horren kontrako "jarrera irmoa" adierazi eta biktima artatzeko protokoloa aktibatu du.
Azpimarratu duenez, "argi eta garbi esan nahi dugu ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek; eta, bestetik, herritar guztiei bide bat eskaintzea, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, indarkeria ez baita soilik erasoa pairatzen duten emakumeen arazoa, baizik emakume guztiena.
"Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile", nabarmendu du.
Horren aurrean, Udalak bere konpromisoa agertu du "gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri horren irtenbidea bilatzeko".
Udalak erasoa salatzeko bilkura deitu du gaurko Irungo San Juan plazan.