Gizartea -
Bizkaia
77 urteko gizon bat hil da Mungian, bere txakurrak erasota
Bestalde, antzeko kasu batean, 20 urteko emakume bat zauritu da Araban, bere txakurrak erasota ere.
EITB Media
Hirurogeita hamazazpi urteko gizon bat hil da Mungian, antza denez, bere txakurrak erasota, EITB Mediak jakin duenez.
Gizonezkoa astelehenean topatu zuten hilotz, haren baserrian, txakurraren alboan. Animalia, mastin bat, kateatuta zegoen, eta, dirudienez, kosk egin zion lepoan.
Hain zuzen ere, semeak aurkitu zuen aitaren gorpua, eta SOS Deietara deitu zuen. Anbulantzia bat eta Ertzaintza bertaratu ziren, baina medikuak ezin izan zuen ezer egin haren bizia salbatzeko.
Txakurra zaintzapean dago une honetan, eta epaileak eta albaitariak erabakiko dute zer egin horrekin.
Gazte bat, zaurituta Araban
Bestalde, antzeko kasu batean, 20 urteko emakume bat zauritu da Araban, bere txakurrak erasota.
Erasoa astelehenean jazo zen, 14:00etan, Arrazua-Ubarrundia herriko Arroiabe auzoan. Ordu horretan, gaztea bere etxera sartu zen txakurra artatzeko, eta animaliak kosk egin zion.