Gizartea -
larrialdi klimatikoa
Duela 50 urte baino 10 egun gehiago luzatzen da uda Gipuzkoan krisi klimatikoa dela eta, Naturklimaren arabera
Aldundiak adierazi duenez, "trantsizio ekologikoaren sustapena indartzen" jarraituko du, "politika jasangarri, barneratzaile eta berdintasunezkoen bidez".
agentziak | eitb media
Gipuzkoako uda duela 50 urtekoa baino hamar egun luzeagoa izatea eragin du klima aldaketak, Naturklima Fundazioak argitaratutako txosten baten arabera.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen foru diputatuak Lurraldeko tenperaturaren bilakaerari buruzko azken ikerketaren berri eman du. Horren arabera, "Gipuzkoako udek bi egunean areagotu dute iraupena hamarkada bakoitzeko, 1971 urtetik".
"Tenperaturen areagotzearen joeraren arabera, mende honetako amaierako aurreikuspenak azken mende laurdenean antzemandakoen 4 ºC gainetik egongo lirateke", azaldu du.
Asensiok nabarmendu duenez, azken 50 urteotan Gipuzkoako tenperatura "0,24 ºC igo da hamarkada bakoitzeko". "Uda sasoiari dagokionez, igoera hori 0,3 ºCkoa da, hamar urteko", gaineratu du.
Diputatu foralak azpimarratu du "urtetik urtera" ari garela aldagai horren ondorioak bizitzen, "oso tenperatura altuko egunekin, bero olatuekin eta gau tropikal deritzenen areagotze progresiboarekin, alegia, tenperatura 20 ºCtik jaisten ez den gauak".
"Hain zuzen ere, gau tropikalen areagotze horri laguntzen hiritar eremuetan gero eta ohikoagoa den fenomeno batek, bero uharte izenpean", gogorarazi du.
Azaldu duenez, "hiritar eremuan tenperatura altuen pilaketak eragiten du egoera hori. Izan ere, eraikinen dentsitateak ez du beroa erraztasunez barreiatzea baimentzen eta, hala, termometroa ez da 20 graduetatik jaisten eremu horietan".
Era berean, oroitarazi du klima aldaketak "biztanleriaren osasunari eragiten" diola, eta "beroketaren efektuen aurreko zaurgarritasuna" ez dela guztientzat berdina izango. Zentzu horretan, nabarmendu egin ditu "Naturklimaren lan handia eta funtsezko egitekoa, klima aldaketaren bilakaera jarraitzeko eta gure gizarteari horren efektuen aurrean erresilienteago bilakatzen laguntzeko".
"Gipuzkoar guztien ongizatearen alde egiteko daukagun apustu irmoan, trantsizio ekologikoaren sustapena indartzen jarraituko dugu, politika iraunkor, barneratzaile, berdinzale eta bidezkoekin, inor atzean gera ez dadin eta klima aldaketaren efektuen eraginpean gera ez dadin", defendatu du.