Gizartea -

UKRAINAKO GERRAK 6 HILABETE

769 adingabe ukrainar matrikulatu dira EAEko ikastetxeetan

360 haurrek eman dute izena Gipuzkoako eskoletan, 271k Bizkaikoetan eta 138k Arabakoetan. Aukerak Suspertzen Ukraina programa ere badute lehen eta bigarren hezkuntzako haurrek, eskolaz kanpoko errefortzua jasotzeko. 35 adingabek erabili dute udan eta jarraitu egingo du irailetik aurrera.

Haur errefuxiatu ukrainarrak. Argazkia: EFE
Haur errefuxiatu ukrainarrak. Argazkia: EFE
Vica eta Iarik txernobyldarrak EAEko eskoletan izango dira, eta egokitzeko laguntza jaso dute aurreko asteetan

01:27

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2022ko otsailaren 24ean, muga zeharkatu eta Ukraina inbaditu zuten tropa errusiarrek. Geroztik, 6,8 herritarrek utzi behar izan dute herrialdea ACNUR Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Komisarioaren arabera.

Inbasioa hasi eta egun gutxira, martxoaren 3an, Ukrainako errefuxiatuei aldi baterako babesa automatikoki ematea adostu zuen Europar Batasunak. Horrela, EBn askatasunez bidaiatzeko eskubidea aitortu zitzaien, baita edozein estatu kidetan bizi, lana bilatu eta arreta medikoa jasotzeko eskubidea ere.

Sei hilabete hauetan, 3.500 pertsonak eskatu dute babes hori EAEn, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendariak aste honetan bertan Radio Euskadin jakitera eman duenez, horien artean ia 800 adingabek.

Zehazki, Ukrainako 769 haur eta nerabek eskatu dute matrikulazioa euskal ikastetxeetan: 360k Gipuzkoan, 271k Bizkaian eta 138k Araban. Familia biologikoek zein harrerakoek Eusko Jaurlaritzaren laguntzak dituzte egokitzapena errazteko. Horien artean, Aukerak Suspertzen Ukraina programa, lehendik martxan zegoen Aukerak Suspertzen ereduan oinarritua (2.123 adingabek erabili zuten iaz).

Eskolaz kanpoko hezkuntza-errefortzua eskaintzen die programa horrek lehen eta bigarren hezkuntzako adingabeei, bai aurrez aurre, bai modu birtualean. Bere helburua arrakala digitala murriztea eta hizkuntza-gaitasunak garatzen laguntzea da.

35 haurrek jaso dute udan Aukerak Suspertzen Ucrania programaren laguntza

Aukerak Suspertzen Ukraina programa ekainean jarri zen martxan, udarako ala irailetik aurrera izena emateko aukera zabalduz. Oraingoz, 62 eskaera jaso dituzte, eta gaur egun 35 adingabe ari dira eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntza hori jasotzen. Izena emateko epea zabalik egongo da irailetik aurrera ere.

Lekuan lekuko sare komunitarioa aktibatuz ematen da zerbitzua: hirugarren Sektoreko erakundeekin, Ukrainatik datozen adingabeei udan harrera egiten dieten elkarteekin, esku-hartze sozialaren esparruko profesionalekin eta boluntarioekin.

Uda honetan programan parte hartzen ari diren bi haur ukrainarren (Victoria eta Yarick Yaroslav) harrera-ama den Marian Izagirreren lekukotza jaso du ETBk.

Marian, madre de acogida de dos niños ucranianos. Captura de imagen de un vídeo de ETB

Marian, madre de acogida de dos niños ucranianos. Captura de imagen de un vídeo de ETB

Anai-arrebak apirilean iritsi ziren Txernobyl ingurutik, martxo oso gogorra bizi ondoren. Victoria 2020ko Gabonetan etorria zen jada Marianen familiaren etxera, Errenteriara, baina anaiarentzat lehen aldia zen Euskal Herrian. Ukrainan bi senide eta gurasoak geratu dira. "Euren amak uste du hemen hobeto daudela han baino, eta berak hori uste duen bitartean, hemen hobeto daudela, hemen egongo dira", dio Izagirrek.

Garrantzitsuena "bi aldeek ahalik eta kontaktu gehien izatea" dela argi du, "ondo daudela jakitea" eta "gogorrena, noiz itzuliko diren ez jakitea!" dela. Hala, egun hori iritsi bitartean, ahalik eta bizimodu normalena egiten saiatzen dira.

Dioenez, haurrak oso harrera ona izan zuten eskolan, eta oso ondo egokitu dira, baina, jakina, arazoak dituzte hizkuntzarekin edo idazketarekin, alfabeto zirilikoan idaztera ohituta baitaude. Horregatik, Aukerak Suspertzen Ukraina udako programara deitu eta haurrak bertan apuntatu zituen, irailera arte hutsune hori izan ez zezaten. "Donostiako zentro batera goaz eta han bost haur egoten dira, ordu eta erdiz. Asko laguntzen diete, eta eurak oso gustura joaten dira", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ukraina Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski