Gizartea -

bilboko aste nagusia

Hasi da Bilboko Aste Nagusia, Marijaiaren bi urteko lozorroaren ostean

Larunbat honetan hasita eta datorren iganderaino, abuztuak 28, Bizkaiko hiriburua girotuko dute jaiek, bi urteren ostean. Itziar Lazkano aurtengo pregoilariak "erasorik gabeko" jaiak aldarrikatu ditu, "disdiratsuak, dotoreak eta alaiak".

Marijaia txupinazoan. Artxiboko argazkia: EFE
Marijaia txupinazoan. Artxiboko argazkia: EFE
Honelakoa izan da Bilbon 2022ko Aste Nagusiko txupinazoa

03:09

itxaso leon kareaga | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi urteko atsedenaldi luzearen ostean, Marijaia Bizkaiko hiriburura itzuli da larunbat honetan, abuztuaren 20an. Bilboko Aste Nagusiari hasiera eman dio arratsaldeko txupinazoan, eta hemendik aurrera jarduera sorta zabala ekarriko digu datozen egunetarako.

Itziar Lazkano aurtengo pregoilariak "erasorik gabeko" jaiak aldarrikatu ditu, "disdiratsuak, dotoreak eta alaiak". Jarraian, Iratxe Palacios txupineroak hartu du lekukoa, 2022ko Aste Nagusi honi irteteko pistola-tiroa emateko.

Hala, Bilboko Udalak egitarau betea prestatu du Aste Nagusi honetarako, askotariko ekitaldi eta proposamenekin. Era berean, Bilboko Konpartsek ere proposamen zabala bota digute, adin eta gustu guztiak asetzeko asmoz. Egun osoan zehar zein ilargipean izango dira gozagai jarduerok.

Musika aldetik ere, denetariko kontzertuak izango ditugu aukeran, urian zehar kokatutako agertoki desberdinetan zein txosna gunean bertan. Arte eszenikoen bidetik jarraituz, antzerki eskaintza zabala eta anitza izango da datozen egun eta asteetan Bizkaiko hiriburuan.

Bilboko Aste Nagusiko ekitaldi nabarmenenak zuzenean eskainiko ditu EITBk larunbat honetatik aurrera. Gainera, "Edozein Herriko…" saioak jai giroaren berri emango du egunero, eta suak eskainiko ditu zuzen-zuzenean gauero. ETB1ek, bestalde, "Lau teilatu: Zea Mays" kontzertu berezia eskainiko du.

Zea Mays taldearen kontzertua, igande gauean ''Lau Teilatu'' saioan
Zea Mays taldearen kontzertua, igande gauean ''Lau Teilatu'' saioan
Zea Mays taldearen kontzertua, igande gauean ''Lau Teilatu'' saioan

0:31

Eguraldia ona izango da, oro har, asteburuan eta hurrengo egunetan, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Han-hemenka euri arina egitea baztertzen ez den arren, Bilboko Aste Nagusiko lehen egunek giro epela ekarriko dute oro har, festak errespetatuz.

Hala, tenperatura maximoak igo egingo dira larunbatean, 27-29 ºCren bueltan ibili litezkeelarik, eta minimoak, berriz, 17-18 ºC inguruan geratuko dira.

Datozen egunetako eguraldiaren iragarpena. Argazkia: EITB Media

Mugikortasunari dagokionez, Metro Bilbaok larunbat honetan berreskuratuko du Aste Nagusian eskaini ohi zuen etengabeko zerbitzua; hala, bederatzi jaiegunetan, 6.375 zirkulazio eskainiko ditu.

Eraso matxisten gain arreta berezia

Jai giroan izan daitezkeen eraso matxistak ekiditeko zein horien aurrean jarduteko, baliabide bereziak ipiniko dituzte aurten gizarte eragile desberdinek.

Hala, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Bilboko Aste Nagusirako segurtasun operatibo koordinatua aurkeztu dute ostiral honetan.

Horrekin batera, gomendioak kaleratu dituzte ziztaden biktimentzat. Aholkuok Emakundek eta Eudelek jaietan eraso matxistei aurrea hartzeko gidan jasota daude, eta abuztu hasieran gehitutako sumisio kimikoari buruzko eranskinean bildutakoen oso antzekoak dira.

Bestalde, eraso matxisten harira, "Ez beti da ez" leloa gaindituta, "Bakarrik bai da bai" mezua hedatu nahi du aurten Bilboko Udalak Aste Nagusiari begira. Esaldi hori da, hain justu, jaietarako prestatu duten prebentzio eta sentsibilizazio kanpainaren protagonista.

Halaber, biktimei laguntzeko baliabideei dagokionez, aurreko urteetan bezala, lau puntu more ezarriko dituzte kontzertu gune nagusietan (bina, Abandoibarra eta Europa Parkean). Bertan, gaian trebatutako langileek arreta eta laguntza eman eta eskainiko diete eskatzen dutenei.

Konpartsek, euren aldetik, "protokolo espezifiko eta propioa" prestatu dute erasoren bat, dela matxista, LGBTIfobiko edo arrazista, pairatzen duten pertsonak artatzeko eta zaintzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Zer gertatu da gaur Bilbon? Zer gertatu da gaur Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak