Gizartea -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Jonan Fernandez: "Ukrainatik lekualdatutako pertsonekin egindako lanaren balantzea ona da"

Trantsizio sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak azpimarratu du erakundeen eta eragile sozialen arteko lankidetza. Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, halaber, ukrainar senideen eta lagunen etxeetan dauden errefuxiatuen egoeraz mintzatu da.

Jonan Fernandez, artxiboko irudian. Argazkia: Euskadi Irratia.
Jonan Fernandez, artxiboko irudian.
Jonan Fernandez, artxiboko irudian. Argazkia: Euskadi Irratia.

play icon 18:31

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiaren iritziz, Ukrainatik Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatutako pertsonekin egindako lanaren balantzea "ona da", Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik sei hilabete beteko diren honetan. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioak Fernandez elkarrizketatu du astearte honetan, eta, halaber, Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariarekin hitz egin dute bertan; Santosek ukrainar senideen eta lagunen etxeetan Foru Erkidegoan dauden errefuxiatuen egoera izan du hizpide, eta gogora ekarri du Espainiako Gobernuari eskatu egin diotela familia horrentzako dirulaguntzak kudea dezala.

Testuinguru honetan, Jonan Fernandezen esanetan, lekualdatutako pertsona horiek ekartzen zuen erronka "handia" izan da, hasieran batez ere, baina une honetan "egoera kontrolatuta" dutelakoan dago: "Ez genekien zer etorriko zen", Errusiak otsailean Ukraina inbadituta, onartu du, baina balantzea, "harreraren ikuspuntutik", ona dela uste du.

Fernandezek nabarmendu du ez dagoela zenbatzerik zehazki zenbat ukrainar herritar dauden egun herrialde horretatik lekualdatuta Euskadin, ezta zenbat izan diren ere; datu ofizialak, baina, 3.500etik gora kokatzen du kopuru hori, nazioarteko aldi baterako babesa eskatu dutenen pertsonena, alegia. "Gurean zeuden ukrainarren bitartekaritza ona" goraipatu du, EAEra berriki iritsitako ukrainarrak gizarteratze-prozesuan.

Euskadin, Trantsizio sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak gogora ekarri duenez, hasieratik eratu zuten Jaurlaritzako hainbat Sailek eta gizarteko zenbait eragilek osatutako jarraipeneko Mahai bat, "eta elkarlan eta lankidetza hori oso garrantzitsua izan da", zehaztu du. Hain zuzen ere, asteazkenean, hilak 24, Mahaiak beste bilera bat egingo du, Iñigo Urkullu lehendakaria buru.

Umeen eta nerabeen eskolaratze-prozesuaz, Fernandezek adierazi du horiek erraztasun handiagoa dutela, helduek baino, integratzeko: "Ez da aparteko arazorik izan", arlo horretan, gehitu du.

Halaber, elkarrizketatuak azaldu du Ukrainatik iritsitako pertsona eta familientzako dirulaguntzak kudeatzeko eskumena Espainiako Gobernuak duela: "Guk", esan du, Eusko Jaurlaritzaren gainean, "laguntzak jarri ditugu martxan, eta ia 1.000 bizikidetza-unitatek jaso dituzte. Ondo funtzionatu da, baina ez da erraza, erakundeek prozesu bat jarraitu behar dutelako", azpimarratu du, beste behin erakundeen eta gizarte-eragileen arteko elkarlana nabarmendu baino lehen.

Eduardo Santos: "Lekualdatutako pertsonen sakeletara iritsi behar dira diru-laguntzak"

Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak, ildo horretan, berretsi du hasieran antolakuntza ez zela erraza izan, "gauza berria baitzen. Hainbat Departamenturen arteko bilera egin genuen, antolatzeko, eta pixkanaka heldu dira" Ukrainatik lekualdatutako pertsonak, adierazi du. Jonan Fernandezek ere esan duenez, Santosek azaldu du ez dagoela zenbatzerik, zehazki, zenbat pertsona etorri diren Foru Erkidegora Ukrainatik, zenbat bueltatu diren jatorrizko euren herrialdera, eta zenbat itzuli diren berriro, hasiera batean bueltatu ondoren.

Eskolaratzea aztergai, Santosek gogorarazi du Ukrainako Gobernuak hezkuntza telematikoa bultzatu egin duela orain arte, eta, beraz, ikusi beharko dela zenbat ikasle matrikulatuko diren ikasturte berrian, Nafarroako hezkuntza-sisteman: "0-3 urte bitarteko umeak", adierazi du, "amekin daude, eta amak aitak baino gehiago etorri dira, aitak gerran daudelako".

Santosen esanetan, lekualdatutako pertsonei laguntzeko prest dauden boluntarioen zerrendak apur bat murriztu dira: "Hasieran, emozioz beteriko momentuak izaten dira. Orain, aldiz, antolakuntza iraunkorra dago, erakundeek hartu dute garrantzia", azaldu du, kontuan izanik egoera egonkortu dela.

Eduardo Santosek, Jonan Fernandezek ere egin duenez, adierazi du Espainiako Gobernuak duela eskumena kudeatzeko lekualdatutako pertsonentzako dirulaguntzak; horrekin lotuta, Nafarroako Gobernuak "aldarrikatu egin du" babes ofizialpean ez dauden eta ukrainar senide edo lagunen etxeetan dauden herritarrek "sakeletan jaso behar dituztela dirulaguntza horiek".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina gaur Nafarroako albisteak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Errusia argazkiak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak Nafarroako Gobernua berriak Euskadi Irratia Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa Errefuxiatuak