Gizartea -
Gerrak sei hilabete
Ukrainatik lekualdatutako 3.587 lagunek eskatu dute nazioarteko aldi baterako babesa EAEn, gerran zehar
Nafarroan, 1.435ek lortu dute. Ukrainatik lekualdatutako 878 pertsonak jaso dute arreta Eusko Jaurlaritzaren hasierako harrera- eta orientazio-zerbitzuan. Asteazkenean, abuztuak 24, sei hilabete beteko dira Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik.
EITB MEDIA
Ukrainatik lekualdatutako 3.587 lagunek eskatu dute nazioarteko aldi baterako babesa Euskadin, otsailaren 24an Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, Eusko Jaurlaritzak prentsa-ohar bidez jakitera eman duenez. Hain zuzen ere, asteazkenean, abuztuak 24, sei hilabete beteko dira gerra hasi zenetik. Nafarroan, aldiz, 1.435 lagunek lortu dute babes hori.
Hain zuzen ere, zehaztu du Jaurlaritzak, 2.148 helduk eta 1.439 adingabek eskatu dute babes hori. 1.512 lagunek Bizkaian aurkitu dute babesa, 1.473k Gipuzkoan, eta 602k Araban. Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri duenez, aldi baterako nazioarteko babesa beharrezko baldintza da Europar Batasunean legez sartzeko eta bizileku-baimena eta lan-baimena eskuratzeko.
Gainera, Ukrainatik lekualdatutako 878 pertsonak jaso dute arreta Gurutze Gorriak kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzaren hasierako harrera- eta orientazio-zerbitzuan. 589 helduk jaso dute arreta hori (473 emakumek, eta 116 gizonek), eta 289 adingabek. Lurralde historikoei erreparatuta, Bizkaian 368 lagunek jaso dute, Gipuzkoan 286k eta Araban 224k. Ukrainatik etorritako pertsona errefuxiatuentzako harreraren Jarraipen Mahaia uztailean bildu zen azkenengoz, eta datu ofizial horiek topaketa horretan jaso zituzten; aurreikuspena da irailaren erdian berriro biltzea Mahaia.
Datu ofizial horien arabera, 381 lagunek (229 helduk eta 152 adingabek) zuten tokia uztailaren amaieran SAPIT Aldi Baterako eta Nazioarteko Babesaren Harrera Sisteman. Bizkaian, 240 lagunek zuten tokia; Gipuzkoan, 56k; eta Araban, 85ek.
Uztailaren amaieran, 1.518 lagunek zuten eskatuta Osakidetzan aldi baterako osasun-laguntzaren agiria, eta 1.245ek jasota zuten osasun-txartel indibiduala. Hortaz, 2.763 lagunek dute bermatuta Euskadin osasun-arreta.
Eskola-ikasturtearen amaieran, 769 ume eta nerabe ukrainar zeuden matrikulatuta euskal hezkuntza-sisteman. 360 Gipuzkoan zeuden, 271 Bizkaian, eta 138 Araban. Halaber, Ukrainatik iritsitako 411 helduk zuten eskatuta matrikula Hizkuntza Eskola Ofizialetan eta helduentzako hezkuntza zentroetan (267k Gipuzkoan, 108k Bizkaian eta 36k Araban).
Azken Sarea Indartzen-Ukraina, Loturak eta Berritze programak
Azken Sarea Indartzen-Ukraina programaren bidez jasotako eta bideratutako laguntza ekonomikoei dagokienez, guztira 1.232.113,81 eurokoak izan dira. 942 eskari jaso eta izapidetu dituzte, eta 903 bizikidetza-unitatek jaso dute laguntza, dio Eusko Jaurlaritzak.
Loturak programa aztergai (Ukrainako pertsona eta familia errefuxiatuei harrera egiten dien herritarren euskal sarea bideratzen duen ekimena da), Jaurlaritzak adierazi du 291 familia-harrera tramitatu dituela, Ukrainako 42 familiari eman diela laguntza, familia harreragileekin 204 prestakuntza eta topaketa bultzatu dituela, eta harrera jaso duten familiekin 37 prestakuntza eta topaketa, eta 103 bilera egin dituela beste elkarte eta tokiko eragile batzuekin.
Berritze programari erreparatuta (Ukrainako gerragatik lekualdatutako pertsonei eta familiei eta harrera-pertsonei eta familiei babes psikosozial espezializatua ematen die), guztira 450 lagun artatu ditu. Horietatik, 148k babes-estatutua zuten; eta 302, aldiz, pertsona hartzaileak ziren.
Ukrainara bueltan, eta berriro Euskadira
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak azaldu duenez, zifra ofizialik ez badago ere, "jakin badakigu Ukrainara bueltatu diren pertsonak daudela, baina, halaber, Ukrainara bueltatu eta, gerora, euren herrialdean dagoen egoeragatik, Euskadira itzultzeko erabakia hartu dutenak ere". Halaber, egiaztatu dute autonomia-erkidegoen arteko zenbait pertsona-mugimendu izan direla.
Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak, hasiera batean, sei hilabeterako zituzten aurreikusita; Legarretak, baina, aurreratu du aukera dagoela azkenean "abenduaren 31ra arte kobratzen jarraitzea". Hori bai, argitu du laguntza horiek Espainiako Gobernuak iragarritakoak bideratuta desagertuko dira (abuztuaren 1eko 673/2022 dekretuak jasotzen ditu); izan ere, dekretu horrek arautzen du autonomia-erkidegoetarako dirulaguntzak zuzenean ematea, baliabide ekonomiko nahikorik ez duten eta Ukrainako gatazkak kaltetutako pertsonei laguntza ekonomiko zuzena emate aldera. Aldi baterako babesaren erregimenaren onuradunek jasoko dute laguntza hori.
Erakunde arteko Mahaiaren bilera
Testuinguru honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak Ukraniako inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonei jarraipena egiteko Mahaia deituko du asteazken honetan, abuztuaren 24an, bilera egiteko, Lehendakaritzan.
Nafarroako datuak
Nafarroan, Eduardo Santos Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan esan duenez, Ukrainatik lekualdatutako 1.435 lagunek eskatu dute nazioarteko aldi baterako babesa, eta guztira 2.164 herritar igaro dira Nafarroako Gobernuak horrekin lotuta dituen bulegoetatik.
Horietako 100 batek lana aurkitu dute Foru Erkidegoan, eta 308 umek eta nerabek ikasi dute Nafarroako hezkuntza-sisteman. 100 bat heldu matrikulatu dira hizkuntza-eskoletan, halaber.
Azkenik, Ukrainatik Nafarroara heldutako 1.100 bat lagunek eskatu dute Foru Erkidegoan osasun-txartela.